Mundua -

Beste krisi politiko bat

Jordaniako Gobernuak eta lehen ministroak dimisioa aurkeztu dute

Samir Rifairen Exekutiboa kargutik kentzea eskatu diote Abdala II erregeari herritarrek manifestaldietan. Erreforma politikoak eta ekonomikoak egiteko orduan porrot egitea egotzi diote Rifairi.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Samir Rifai Jordaniako lehen ministroak eta Exekutiboko gainerako kideek dimisioa aurkeztu diote gaur Abdala erregeari. Maaruf Bajit lehen ministro ohia izendatu du gobernuburu berri Abdalak, Errege-etxeak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez.

Ohar baten arabera, "benetako erreforma politiko azkarrak" egiteko eskatu dio Bajiti erregeak.

Samir Rifairen Exekutiboa kargutik kentzea eskatu diote Abdala II erregeari herritarrek manifestaldietan, azken asteetan. Erreforma politikoak eta ekonomikoak egiteko orduan porrot egitea egotzi diote Rifairi.

Iragan ostiralean, milaka lagunek protesta egin zuten Amanen. Sindikatuek eta oposizioko alderdiek bat egin zuten manifestaldiarekin.

2009an izendatu zuten

Rifai 2009ko abenduan izendatu zuen erregeak lehen ministro. Bere bigarren Exekutiboa zuen, azaroaren 9an hauteskundeak egin ostean. Ekintza Fronte Islamiarrak (FAI) oposizioko taldeak hauteskundeak boikotatu zituen.

Egipton Hosni Mubarak presidentearen aurkako protestak direnean, eta Tunisian Zine Abidine Ben Ali boteretik kendu ostean jazo da Jordaniako Gobernuaren dimisioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Ekialde Hurbila gaur Jordania gaur