Mundua -
Saudi Arabia
Khashoggiren arrastoak bilatu dituzte kontsuletxearen furgoneta batean
Saudi Arabiako kontsuletxearen Mercedes Vito furgoneta bat hiru orduz miatu dute Turkiako auzitegiko medikuek. Ibilgailua kazetaria desagertu zen eguneko grabazio batean agertzen da.
Agentziak | Erredakzioa
Saudi Arabiako kontsuletxearen furgoneta bat arakatu dute gaur Turkiako auzitegiko medikuek, Jamal Khashoggi kazetaria bertan eraman ahal izan zutelako, bertako komunikabideek jakinarazi dutenez. Saudi Arabiako kazetaria urriaren 2an desagertu zen, enbaxadan sartu ondoren.
Saudi Arabiako kontsuletxearen Mercedes Vito furgoneta bat hiru orduz miatu dute auzitegiko medikuek. Ibilgailua kazetaria desagertu zen eguneko grabazio batean agertzen da, Yeni Safak egunkariaren arabera.
Khashoggi eraikinean sartu eta bi ordu geroago, furgoneta kontsuletxetik atera eta kontsularen egoitzara joan zen; 200 bat metroko ibilbidea.
Auzitegiko medikuek furgoneta produktu kimikoekin aztertu dute, arrasto genetikoak aurkitzeko. Turkiako segurtasun indarrak Khashoggi desagertu zen egunean erabilitako kontsuletxeko beste ibilgailu batzuk ikertzen ari dira.
Belgradeko basoan bilatu zuen Turkiako Poliziak ostegunean, Istanbuleko probintziaren ipar-mendebaldean, eta baita Yalova probintzian ere, Marmara itsasoaren bestaldean.
Abdulhamit Gul Turkiako Justizia ministroak ostegunean adierazi zuenez, “ikerketak gutxi barru emaitza ematea” espero du Gobernuak. Eraikin diplomatikoetan sartzeko Saudi Arabiaren baimena beharrezkoa zen, eta horrek ikerketa atzeratu duela argudiatu du ministroak.
Khashoggi kazetaria iaztik erbestean zegoen, Ameriketako Estatu Batuetan. Saudi Arabiako monarkiaren autoritarismoa gogor kritikatu izan du kazetariak. Istanbuleko kontsuletxean sartu zen tramite burokratiko bat egiteko, baina ez zen berriro atera.
Kazetaria kontsuletxean torturatu eta hil zutenaren frogak dituztela filtratu dute Turkiako eta atzerriko komunikabideek, baina Ankarako Gobernuak ez du ofizialki baieztatu.