Mundua -
LURRIKARA
6,8 graduko lurrikara batek Greziako kostaldea astindu du
Astinduak kalteak eragin ditu etxebizitza eta eraikinetan. Halaber, lurrikara Atenasen, Italian, Maltan, Albanian eta Libian ere sentitu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Richter eskalan 6,8 gradu harrapatu dituen lurrikara bat izan da bart Grezia mendebaldean. Astinduak kalte materialak eragin ditu etxebizitza eta eraikinetan.
AEBko Geologia Zerbitzuak (USGS) jakitera eman duenez, astindua Zante uhartetik ipar-mendebaldera izan da, 16 kilometroko sakoneran.
Grezian ez ezik, Italian, Maltan, Albanian eta Libian ere sentitu dute lurrikara.
Agintariek ez dute oraingoz hildakoen edo zaurituen berri eman. "Kalte materialak izan dira eraikin eta etxebizitzetan, nagusiki Laganas eta Agios Sostis inguruan. Portua ere kaltetuta dago", adierazi dio Nikos Tsipira Zanteko udal kontseiluko presidenteak Tanea egunkariari.
Bertako beste zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, XV. mendeko monasterio bat kaltetu da Estrofades inguruan.
Bestalde, Reuters albiste agentziak Babes Zibileko iturriak aipatuz aurreratu duenez, gutxienez hiru pertsona ospitaleratu dituzte. Antza denez, horietako bik zauri arinak dituzte.