Mundua -
Heriotzaren Karabana
Txileko 11 militar, 'Heriotzaren Karabana'-n 15 pertsona hiltzeagatik zigortuta
Pinocheten kolpearen ostean, militarrez osatutako segizio bat herrialde osoan zehar ibili zen, ehun bat pertsona erailez.
Agentziak | Erredakzioa
Erretiroan dauden hamaika militarri kartzela zigorrak ezarri dizkiete Txilen, 1973an oposizioko 15 kide hiltzeagatik, 'Heriotzaren Karabana'-k egindako hilketetan.
'Heriotzaren Karabana' militarrez osatutako segizio bat izan zen. Augusto Pinochetek 1973ko irailaren 11n kolpea eman ostean, Txilen zehar bidaiatu zuten, Sergio Arellano Stark jeneralaren agindupean —diktadorearen "ordezkari pertsonala"—, eta presondegietatik irtenarazi zituzten ehun bat preso politiko hil zituzten.
La Serena hiriko "Arica" erregimentukoak ziren zigortutako militarrak. Hiri horretako biktimen artean dago Jorge Peña Hen, Txilen umeentzako eta gaztentzako orkestrak sortu zituena, aitzindaria eskualdeko beste herrialdeetan ere.
Erregimentuko gune batean hil zituzten, eta gorpuak herriko hobi komun batera bota zituzten. Hurrengo egunean, agintariek “15 estremistaren hiletak” iragartzen zuen bando militar bat argitaratu zuten, "gerra garaiko epaitegi militarrek agindutakoa jarraiki" egin zela esanez.
Auziaren ikerketaren arabera, erregimentuko nagusiak (Ariostol Lapostol Orrego) zein laguntzaileak (Juan Emilio Cheyre) "bazekiten (epaiketa) ez zela egin, eta exekuzioa epaiketarik gabe egingo zela", biktimen "ideologien oinarrituta baino ez".
25 urte eta gero aurkitu eta identifikatu zituzten biktimen gorpuak, 1998an.
Zigortutako militarrak
Zigortutakoen artean dago Juan Emilio Cheyre, Armadaren komandante-burua 2002 eta 2006 artean. Hiru urte eta egun bateko kartzela zigorra jarri diote estalketa delitu batengatik. Zaintzapeko askatasunean bete ahalko du.
Cheyre tenientea eta erregimentuaren komandantearen laguntzailea zen. Armadak egindako giza eskubideen urraketei "berriz ere ez" esateko konpromisoa hartu zuen lehenengo buruzagi militarra izan zen Txilen.
Gainera, epaiak 15 urte eta egun bateko zigorra ezarri dio Ariosto Lapostol Orrego koronelari, garai horretan erregimentuko burua, 15 biktimen hilketen egile bezala.
Pedro Espinoza Bravo brigadierrari eta Juan Chiminelli Fullerton, Victor Alegre Rodríguez, Jaime Ojeda Torrent eta Emilio de la Mahotiere Gonzalez ofizial ohiei bost urte eta egun banako zigorra ezarri diete, konplize bezala.
Batzuk kartzelan daude dagoeneko, beste auziengatik zigorrak betetzen. Espinoza Bravori, adibidez, 600 urteko espetxe zigorra ezarri diote guztira.
Cheyrerekin batera, lau ofizial ohiri hiru urte eta egun banako zigorra jarri diete, zaintzapeko askatasunean betetzeko, eta beste lauren aurkako salaketak artxibatu dituzte, ezin izan delako frogatu giza eskubideen urraketetan parte hartu zutenik.
Kalte-ordainak
Gainera, epaiak familiarrei kalte-ordainak ordaintzeko agindu dio Txileko Estatuari, 80, 70 eta 40 milioi pesoko zenbatekoarekin (103.000, 90.000 eta 51.000 euro).
"Ikerketa luzea eta konplexua izan da, batez ere parte hartu zutenek ez dutelako lagundu. Zaila egin zaigu egi historikora heltzea", esan du Mario Carroza epaile bereziak.
Estatuaren 3.200 hilketa
Pinocheten diktaduran (1973-1990), datu ofizialen arabera, 3.200 pertsona inguru hil zituzten Estatuaren agenteek. Horietako 1.192 oraindik desagertutako atxilotu bezala agertzen dira.