Mundua -

Erresuma Batua

Erresuma Batuko Gobernuak ‘brexit’aren akordioa babestu du

Arratsaldean egindako ezohiko bilera luze baten ostean agertu dio babesa Erresuma Batuak eta Europar Batasunak ‘brexit’aren inguruan adostutako zirriborroari.

Theresa May, Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE
Theresa May, Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE
Theresa May, Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eztabaida “luze” baten ostean, Erresuma Batuko Gobernuak babesa agertu dio brexitaren inguruko akordioari, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak asteazken arratsalde honetan jakitera eman duenez. Ildo horretatik, Bruselarekin adostu zitekeen “akordiorik onena” dela nabarmendu du.

“Erresuma Batuko Gobernuak Europar Batasunetik ateratzeko baldintzen inguruko akordioari babesa agertu behar diola erabaki du Ministroen kabineteak”, esan du Mayk kazetarien aurrean, bileraren ostean Downing Street kalean egin duen agerraldian.

Era berean, erabakia ez dutela “arineketan” hartu azpimarratu du Mayk. Bihar (osteguna) akordioaren nondik norakoak azalduko ditu Parlamentuan, bere esanetan, lehen ministroaren lana azalpenak ematea baita.

Erresuma Batuko lehen ministroak azaldu duenez, Ministroen kabinetearen esku zegoen prozesuan aurrera egitea. Gauzak horrela, zailtasunak izan dituztela aitortu du Mayk, batez ere Ipar Irlandaren etorkizunaren harira.

Dena dela, gaurkoa "aurrera egiteko urrats erabakigarria” izan dela nabarmendu du, eta datozen egunetan akordioa ixteko aukera izango dutela esan du. Bere iritziz, “herritarren interes orokorren aldeko erabakia” da.

“Akordio honek galdeketako botoak ditu kontuan. Gure diruaren kontrola bermatzen du. Indarrean dauden arauak eta mugak mantentzen ditu. Toki batetik bestera askatasunez mugitzeko eskubidea aitortzen du. Lanak babesten ditu. Segurtasuna handitzen du eta gure batasuna bermatzen laguntzen digu”, esan du Mayk. Hala, “beste aukera batzuk akordiorik gabe ateratzea edo brexita ez gauzatzea” zirela esan du lehen ministroak.

“Arretik egun zailak ditugula argi daukat. Erresuma Batuko Gobernuak hartutako erabakia luze eta zabal aztertuko dute, ulergarria denez”, gaineratu du Mayk.

Bere esanetan, akordioak “herrialdearen kontrola berreskuratu eta etorkizun oparoa lortzeko aukera emango dio Erresuma Batuari”. Gauzak horrela, akordiorik lortu ezean, hasierako puntura bueltatzeko arriskua zegoela esan du Mayk, “desadostasuna eta ziurgabetasuna handiagoa izanda”.

“Interes orokorrarekin bat datozen erabakiak hartzea zor diot herrialde honi. Irmoki uste dut akordio honek Erresuma Batuaren interes orokorrei erantzuten diela”, azpimarratu du Mayk.

Horrenbestez, Bruselarekin “maila teknikoan” lortutako akordioaren xehetasunak emango dizkie Mayk diputatuei. Izan ere, Erresuma Batuko Parlamentuak eta Europar Batasuneko 27 kideek akordioa babestu behar dute oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Erresuma Batua albisteak Eguneko albisteak Albisteak Brexita albisteak Zer da Brexita