Mundua -

Mahomaren eguna

Eraso suizida batek 50 hildako eta 72 zauritu utzi ditu Kabulen

Matxino bat immolatu egin da ezkontza areto batean, akademiko erlijiosoak eta ulemak Korana irakurtzen ari ziren bitartean.

Larrialdi zerbitzuak zauritu bat eramaten, Kabulen (Afganistan). Argazkia: EFE
Larrialdi zerbitzuak zauritu bat eramaten, Kabulen (Afganistan). Argazkia: EFE
Larrialdi zerbitzuak zauritu bat eramaten, Kabulen (Afganistan). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mahoma profetaren jaiotza ospatzen ari ziren akademiko erlijiosoen aurkako eraso suizida batek gutxienez 50 pertsona hil eta 72 zauritu ditu Kabulgo (Afganistan) ezkontza areto batean.

Sarraskia matxino batek eragin du. Erasotzailea immolatu egin da ezkontza areto batean, akademiko erlijiosoak eta ulemak Korana irakurtzen ari ziren bitartean, Basir Mujahid Poliziaren bozeramaileak azaldu duenez.

Lokaleko jabeak Poliziarekin segurtasuna koordinatu ez izana deitoratu du bozeramaileak, terrorista aretoan erraz sartu baita.

Biktimak “gizonak eta zibilak” dira, Wahidullah Majroh Osasun Publikoko Ministerioaren bozeramaileak zehaztu duenez. Toki publikoak, jatetxeak eta aisialdirako beste zentroak jendez lepo zeuden gaur, Mahomaren jaiotza ospatzeko.

Ashraf Ghani Afganistango presidenteak agiri baten bidez gaitzetsi du “Islamaren etsai terroristek” egindako atentatua. Horren ahotan, “krimen barkaezina” da.

Agiri baten bidez, Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak ukatu egin du talde matxinoak eraso horrekin zerikusirik izatea. “Zibilen eta bilera erlijiosoen kontrako erasoak irmo gaitzetsi” ditu Emirerri Islamikoak.

Hainbat atentatu gertatu dira aurten Kabulen. Azkena iragan astean jazo zen. Hazara etniako ehunka musulman xiita elkarretaratzea egiten ari zirenean egin zuten, eta gutxienez hiru pertsona hil eta zortzi zauritu ziren eraso horretan.

Hala ere, erasorik larriena urtarrilean izan zen. Talibanek lehergaiz betetako anbulantzia bat zartarazi zuten Barne Ministerioaren egoitza zaharretik gertu. Atentatu horretan, 100 pertsona baino gehiago hil ziren.

Iragan astean talibanen eta Ameriketako Estatu Batuen ordezkariak bildu ziren Qatarren, bake-akordio bat negoziatzen saiatzeko. Afganistango gatazkak 17 urte bete ditu dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Jihadismoa albisteak Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Asia albisteak Afganistango Estatu Islamiarra