Mundua -
'Amorruaren Eguna'
14 lagun hil dira Libian izandako liskarretan, Al Yaziraren esanetan
Protestak Libiako lau hiritara hedatu dira 'Amorruaren Egun'ean. Polizia-etxe bati su eman diote Alzentanen, Tripoliko hego-mendebaldean.
Erredakzioa
Gutxienez 14 lagun hil dira Libian azken 48 orduetan, Al Yazira telebistak gaur jakitera eman duenez. Moamar el Gadafi Libiako erregimenaren buruzagiaren aurka protesta egiten ari dira herritarrak.
Al Baidako hiritik gertu (Libiako ekialdean) bi lagun atzo hil zirela jakinarazi dute komunikabide lokalek eta Al Yazirak, baina Qatarreko telebistak ez du gainerako 12 hildakoen inguruan zehaztasun gehiagorik eman.
Istilu larriak izan dira gaur Alzentanen, Tripoliko hego-mendebaldean. Bertan polizia-etxe bati eta "Libiako iraultza batzordeetako" lokal bati su eman diete, Quryna egunkariak gaur jakitera eman duenez.
Protestak Libiako lau hiritara hedatu dira gaur ''Amorruaren Egun''ean, Tunisiako eta Egiptoko iraultza demokratikoetan erabilitako adierazpen berdina.
Gadafi
Muamar Gadafik, Afrikan den estatubururik zaharrenak, "Amorruaren Egunari" aurre egin beharko dio gaur. Tunisia eta Egiptoko iraultzetan inspiratuta Gadafiren 41 urteko erregimenaren kontrako protestak deitu baitituzte egun osoan.
Milaka eta milaka pertsona mobilizatu dira Interneteko sare sozialetan, ''Amorruaren Eguneko" protestetako parte artesa bultzatzeko. Egiptoko Tahrir plazako adibideari jarraituz, internautek Tripoliko gune ezagun batean bildu eta Gadafiren erregimena desegin artean han irauteko deia egin diete hiritarrei.
"Amorruaren Eguna" Facebook bidez sustatu duen taldeetako batek adierazi duenez, astelehenetik asteazkenera bitartean bikoiztu egin dira jarraitzaileak, 4.400 izatetik 9.600 izatera pasa dira.
Fenomeno indartsu honi nolabait aurre egin ahal izateko, asteazkenean zenbait orduz sare sozialak itxita egon ziren.