Mundua -

Tentsioa Manaman

Alde guztiekin hitz egiteko eskatu dio Bahraingo erregeak printzeari

Bahraingo Armadak tiro egin du manifestarien kontra. Gutxienez 60 pertsona tiroz zauritu dira, eta zenbait iturriren arabera, lau hildako ere daude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamad bin Isa al Jalifa Bahraingo erregeak "alde guztiekin" elkarrizketa izateko eskatu dio Salman Bin Hamad al Jalifa printzeari, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

60 pertsonak bala zauriak izan dituzte La Perla plazan, Manaman, manifestarien eta Poliziaren artean izandako istiluen ondorioz, Sayed Hadi oposizioko Wefaq alderdiko parlamentariaren arabera.

"Armada izan dela uste dugu", azaldu du Hadik. Jalal Firooz alderdikidearen esanetan, protestak hiriburuko hainbat lekuetara zabaltzen ari dira aste hasieran hildako manifestariaren omenez.

Manifestariak La Perla plazaraino joan dira. Bertan Armada eta Polizia daude, aurreko egunetik, eta manifestarien kontra tiroka hasi direla salatu du Hadik.Beste iturri batzuek hildakoak egon daitezkeela ere gaineratu dute.

Bahraingo Manama hiriburua, Gobernuaren eta Monarkiaren aldeko zein kontrako protesten lekuko izaten ari da gaur.

Goizean milaka pertsonak aurreko egunetako protestetan izandako biktimen hiletetan parte hartu dute. Ondoren, Gobernuaren dimisioaz gain lurraldeko Monarkiaren amaiera eskatu dute manifestazioan.

Bitartean, beste milaka lagun, eskuan Hamad bin Isa al Jalifa erregearen argazkiak eta Bahraingo banderak hartuta, Exekutiboaren eta dinastiaren defentsan atera dira kalera,

Joan den otsailaren 14an manifestazioak hasi zirenetik gutxienez sei pertsona hil dira. Horietatik lau atzo hil ziren, Armadak Perla plaza hustuarazi zuenean. Beste 200 bat pertsonek zauriak jasan zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea