Mundua -

Alemania

Kramp-Karrenbauerrek hartu du Merkelen lekukoa CDUn, eta alderdiko buruzagi berria da

Alemaniako kantzilerrak, azken hitzaldian, “kohesioa” eskatu dio alderdiari, eta horren zentrismoaren alde egin du.

Annegret Kramp-Karrenbauerrek ordezkatuko du Angela Merkel. Argazkia: EFE.
Annegret Kramp-Karrenbauer
Annegret Kramp-Karrenbauerrek ordezkatuko du Angela Merkel. Argazkia: EFE.

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pronostikoak beteta, Batasun Kristau-demokratako (CDU) egungo idazkari nagusi Annegret Kramp-Karrenbauerrek botazioa irabazi du, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren lekukoa hartu du alderdian, eta horretako buruzagi berria da.

Kramp-Karrenbauerrek alderdiko ildo eskuindarra gorabehera lortu du garaipena. Botoen % 51,8 eskuratu ditu; Friedrich Merzek, ildo eskuindarraren ordezkaria bera, % 48,2 lortu ditu. Lehen itzulian, Jens Spahn lehiatik at geratu da; hori ere ez da ados egon Merkelek hartutako zenbait neurrirekin.

Hanburgon bilduta izan diren mila delegatuen aurrean botazioa egin baino lehen eman duen hitzaldian, Kramp-Karrenbauerrek zehaztu du CDU dela "Europako azken adarbakarra", herritarren artean duen babes handiagatik; halaber, deia egin dio alderdiari, etorkizunari begira, "adore eta konfiantza handiagoa" erakusteko.

CDU "indartsu bat"

"Adorea badugu, Europa indartsu batean bizi izango gara, krisiaren beldur ez den euro bateko Europan, eta europar Armada duen lurralde batean", esan du. Azken helburua litzateke CDU "indartsua" izatea; 18 urteren buruan, lehen aldiz, CDUren arduraduna ez da Angela Merkel izango.

"Berdin da gaur nork irabaziko duen. Inork ez du egingo CDU hondoratzea", adierazi du. "Nire iritziz", gehitu du, "ez dago CDU liberalik, ezta balio kontserbadoreak dituen CDUrik; familia gara! Eta horrela jarraitu behar dugu", aldarrikatu du, txalo artean.

"Merkel txiki" deitzen diote Kramp-Karrenbauerri; orain, zerengin zaila du, alegia, egungo kantzilerraren garaiari orrialdea pasatzea. Berak ere jakin badaki hori: “Jendeak dio kopia bat naizela, baina esan dezaket neure kabuz iritsi naizela honaino”, azpimarratu du.

Merkelek kohesioa eskatu du

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak kohesioa eskatu die Batasun Kristau-demokrata (CDU) alderdiko kideei, eta alderdirako bide zentristaren alde egin du, CDUko lider moduan eman duen azken hitzaldian; izan ere, ostiral honetan kongresua du CDUk, Merleken ordezkoa hautatzeko.

"Duela 18 urte, presidente moduan eman nuen lehen hitzaldian, alderdirako oso zaila zen egoera baten aurrean harira joateko eskatu nuen", adierazi du, hitzaldia hasi duenean. Garai hartan CDUn ezagutzera eman zen finantziazio bidegabeko eskandaluaren harira esan du hori Merkelek; Helmut Kohlen garaia zen, eta alderdiak oposiziora igaro behar zuen.

"Nekez gainditu genuen hura; hainbat urteren eta zenbait hauteskunderen buruan, aldiz, erronka, egun, elkarturik jarraitzea da, eta elkarturik egotea buruzagitzan. Beti, CDUren ezagugarria den zentrismotik", esan du Merkelek.

"Gizarte-polarizazioa handia da egun, are gehiago AfD ultraeskuindarra Alemaniako Parlamentuan agertu ostean", ekarri du gogora Merkelek; nabarmendu du oso garrantzitsua dela bide horietatik alde egitea.

"Guk ez dugu gorrotoa bultzatzen, ezta inoiz baztertzen ere; giza duintasunaren errespetuari dagokionez, ez dugu bereizten", zehaztu du; esan ere esan du CDUk ez duela zerikusirik izan nahi horiek egiten dituztenekin, "eta balio demokratikoak ordezkatzen ditugula".

50 bat urtean, herrialdeko buru

Merkelek gogorarazi du CDU 50 bat urtean egon dela Alemaniako buru; izan ere, alderdiak bost kantziler federal izan ditu, eta guztira zortzi egon dira. Orain, aldiz, erronka, "buru egoten jarraitzea" da.

Hiru hautagai daude haren ordezkoa izateko, eta Merkelek, berez, ez du bat ere babestu, baina aipamena egin dio Annegret Kramp-Karrenbauer idazkari nagusiari; azken hori Merkelen ildokoa da, eta CDUk, horren lurraldean, botoan % 40 baino gehiago eskuratu ditu.

Merkelen hitzaldia hainbat aldiz eten dituzte txalotuz, batez ere liderrak esker ona agertu dienean laguntzailerik zintzoenei; izen horiek ez dira, agian, ezagunak, nolanahi ere.

Merkelek ohi baino gutxiago hitz egin du (30 bat minutuz, normalean 90 minutuz hitz egin izan badu ere), eta hitzaldia hunkigarria izan da, ohi baino askoz ere gehiago.

2005etik dago Alemaniako kantziler Merkel, eta urriaren amaieran erabaki zuen CDUko buruzagi izateari utziko ziola (2000tik izan da alderdiko liderra). Urrian, izan ere, CDUk emaitza txarrak erdietsi zituen eskualde-hauteskundeetan, eta boto-asmoak nabarmen egin du behera, gainera.

Dena dela, aurreikusita du 2021era arte izatea kantzilerra; hasiera batean, Kramp-Karrenbauer orduan izendatuko dute hautagaia Alemaniako Gobernuko burua izateko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak