Mundua -

Alemania

Merkel ez da berriro kantziler izateko aurkeztuko

CDU alderdiaren agintaritza uzteko, baina 2021era arte kantziler izateko erabakiaren helburua da "koalizioari gobernantza hobetzeko esfortzuetan laguntzea".

Angela Merkel. Argazkia: EFE
Merkel ez da berriro kantziler izateko aurkeztuko. Argazkia: EFE
Merkelek CDUko buruzagitza utziko du abenduan

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel kantziler alemaniarrak iragarri du ez dela berriro kantziler izateko aurkeztuko, legealdia bukatzen denean; hots, 2021ean. Gainera, aurreratu du Batasun Kristau Demokrataren (CDU) buru izateko hautagai ere ez dela izango.

"Lehenik eta behin, Hanburgon CDUk abenduan egingo duen bilkuran ez naiz alderdi hori zuzentzeko hautagaitzara aurkeztuko", esan du Merkelek prentsaurreko batean. Orduan, zehaztu du, baita, erabakia udan hartu zuela. 2000. urtean hartu zuen CDUren presidentetza.

"Bigarrenik, laugarren agintaldi hau izango da kantziler bezala egingo dudan azkena. 2021eko hauteskundeetan ez naiz hautagai izango, eta ez dut beste kargu publikorik beteko", gaineratu du.

Azaldu duenaren arabera, CDU alderdiaren agintaritza uzteko, baina 2021era arte kantziler izateko erabakiaren helburua da "koalizioari gobernantza hobetzeko esfortzuetan laguntzea".

"Koalizio handiak erakutsi duen irudia onartezina da", onartu du kantzilerrak erabakiaren berri eman duenean.

"Ongi zein gaizki egin diren gauzen erantzukizuna nire gain hartu dut agintean daramazkidan 18 urteetan, baita Gobernuburu izan naizen 13 urteetan ere", zehaztu du. "Ez nintzen kantziler jaio, eta gogoeta sakona egin ostean, betidanik duintasunez eraman ditudan karguen ardurak uzteko erabakia hartu dut", azaldu du.

Hausnarketa horrek hirugarren erabaki bat hartzera ere derrigortu du Merkel: Parlamentu federaleko eserlekua uztera, hain zuzen.

Merkel ez da Batasun Kristau Demokrataren (CDU) buru izateko aurkeztuko

Bestalde, esan bezala, Angela Merkel ez da berriro aurkeztuko Batasun Kristau Demokrataren (CDU) buru izateko.

Merkelek gaur bertan iragarri die erabakia kristau-demokraten buruzagiei. Hesse eskualdeko hauteskundeak izan eta biharamunean etorri da albistea. Koalizio handia osatzen duten alderdiek emaitza kaskarrak lortu dituzte bozetan. Duela bi aste, bestalde, gehiengo osoa galdu zuen CSU alderdiak, CDUren aliatua Bavarian.

Orain arte, CDUren buruzagitza eta kantzilertza pertsonak berak bete beharreko karguak zirela defendatu du Merkelek. Iragarpenak estrategia aldaketa ekarriko luke, horrenbestez.

Friedrick Merz Bundestageko talde kontserbadoreko presidente ohia CDU zuzentzeko hautagaitza aurkezteko prest agertu da, "alderdiak hala nahi badu behintzat". Alderdiko sektore kontserbadorearen ordezkaria da Merz.

Kinieletan bada beste izenik: Annegret Kramp-Karrenbauer, CDUko egungo idazkari nagusia. Askoren ustez, Merkelen ondorengo naturala da.

Batasun Kristau Demokratak abenduan egingo du buruzagi berria aukeratzeko kongresua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania