Mundua -
'Brexit'a
Tentsioa Londresen, martxa ultraeskuindar batengatik eta horren aurkako martxagatik
Milaka lagun kalera irten dira, 'Brexit'aren akordioa gaitzesteko, eta gauza bera egin dute beste milaka lagunek, arrazismoa eta faximoa salatzea xede.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka lagun irten dira kalera igande honetan Londresen, bi manifestaziotan: bata ultraeskuineko hainbat alderdik deitu dute, "Stop Brexit Betrayal" lelopean ("Eten dezagun 'Brexit'aren traizioa"); bestea, lehen manifestazio horren aurkakoa izan da, faxismoaren kontrakoa. Poliziak segurtasun-hedatze handia egin du, eta Parlamentuaren inguruan eskubide zibilak mugatuta daude.
Martxa ultraeskuindarrak Stephen Christopher Lennon 'Tommy Robinson' aktibista izan du buru. Manifestazioaren xedea da salatzea Theresa May lehen ministro britainiarrak eta Europar Batasunak Erresuma Batua EBtik irteteko adostutako akordioa; izan ere, deitzaileen iritziz, bi aldeen arteko lotura eta murrizketa gehiegi dakartza akordioak, prentsa britainiarraren arabera.
Horren aurrean, manifestazio multikultural bat irten da kalera, milaka gazterekin; arrazismoaren, faxismoaren eta 'Robinson'en aurkako pankartak eta oihuak izan dira bertan. Parte-hartzaile batzuek argi utzi dute asmoa zutela 'Robinson'en martxa blokeatzeko.
Polizia-agente asko dabiltza Londresen, manifestazioengatik. Argazkia: EFE.
Ultraeskuindarrak Lane parkean elkarretaratu dira, Dorchesterretik gertu, eta Victoria zeharkatuko du, Parlamentuko plazaraino eta Whitehalleraino; han egin lezake bat beste manifestazioarekin.
Poliziak neurri eta ordutegi zorrotzak ezarri dizkie bi manifestazioei: "Baldintzak ez badituzte betetzen, zigor-delitua izango da; hori egiten duen edonor atxilotua izan liteke·, ohartarazi du Scotland Yardek.