Mundua -
Atentatua Frantzian
Estrasburgoko tiroketan 'motibazio terrorista' egon denik ez dute oraindik egiaztatu
Frantziako segurtasun indarrek "erradikalizazio" erlijiosoa antzeman zuten tiroketaren erasotzailean; eta baliteke Frantziatik atera izana.
Agentziak
Estrasburgoko atentaturen motibazioa "terrorista izan denik ez dute oraindik argitu". Erasoa Frantziako ipar-ekialdean gertatu da, Estrasburgoko hirian ospatzen ari den Gabonetako merkatu batean. Atentatuan hiru lagun hil eta 13 zauritu dira.
Estrasburgon gertatutakoaren inguruan hitz egiterakoan "ardura handia" eskatu du Laurent Nuñez Frantziako Barne Ministerioaren bigarrenak.
Erasotzailea terrorismoarekin zerikusia ez duen "delitu arrunt asko" egin izanagatik fitxatuta zegoela azaldu du Nuñezek. "Haren jokabide erlijiosoa gogortu egin zela ikusita", segurtasun indarrek erasotzailea zaintzen egon zirela gaineratu du. Hala ere, "erasotzeko" asmoa zuenik ez zuela agertu adierazi du.
Bestalde, Nuñezen esanetan, baliteke erasotzailea Estrasburgotik alde egin izana, Frantziako mugan kontrolak areagotu egin diren arren. 650 polizia eta jendarme ari dira ustezko erasotzailearen bila, Estrasburgon zein hiriko inguruetan.
Alemaniak mugetako kontrolak areagotu ditu
Hori horrela, Alemaniako Poliziak Frantziako mugako kontrolak areagotu ditu, eta garraio publikoak ere kontrolatzen hasi da; esaterako, Alemania eta Frantzia arteko muga gurutzatzen duen D tranbiaren zirkulazioa eten zuten atzo, baina gaur martxan da, hedabideen arabera.
Bestalde, Alemaniako Atzerriko Ministerioak Frantziara bidaiatu nahi duten pertsonentzako gomendioak gaurkotu ditu.
"Estrasburgoko Gabonetako merkatuan 2018ko abenduaren 11n izandako erasoan hildakoak eta zaurituak izan dira. Alerta maila maximoa ezarri da eta mugan kontrolak areagotu dira. Bidaiariei kontu handiz ibiltzeko eta segurtasun indarren argibideak nahitaez betetzeko eskatzen diegu", Ministerioren webgunean irakurri daitekeenez.
Heiko Mass Atzerriko ministroak Twitterren zabaldu duenez, atsekabe handia eragin dio atentatuak, eta biktimei zein senide eta adiskideei bere doluminak helarazi dizkie.