Mundua -
Erasoa Frantzian
Estrasburgoko auzo batean ari dira erasotzailearen bila
Poliziak uste du Neudorf auzoan dagoela ezkutatuta. Dagoeneko bost pertsona atxilotu dituzte, tartean susmagarriaren gurasoak eta bi anaia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Polizia-operazioa egiten ari dira Estrasburgoko Neudorf auzoan. Cherif Chekatt han ikusi zuten azkenekoz eta bertan ezkutatuta egon daitekeela uste dute segurtasun indarrek.
Horrez gain, gaur beste pertsona bat atxilotu du Poliziak. Astearte gauean ustezko erasotzailearen gurasoak eta bi anaia atzeman zituzten. Beraz, bost dira atxilotutakoak.
Astearteko tiroketan bi lagun hil eta hamahiru zauritu zituzten. Gaur, baina, larri zaurituta zegoen gizon bat hil egin da. Hortaz, hildakoen kopurua hirukoa da.
Chekatt Neudorf auzoan hazi zen, gurasoen etxean, eta haraino eraman zuen taxilari batek atentatuaren ostean. Horregatik uste du Poliziak bertan egon daitekeela.
Nolanahi ere, Poliziak mugak kontrolatzen jarraitzen du eta ez du baztertu susmagarria Alemanian egotea jada.
Guztira, 750 polizia ari dira Cherif Chekatten bila.