Mundua -
TURISTEN KONTRAKO ATENTATUA
Egiptoko Segurtasun Indarrek 40 pertsona hil dituzte Guizako atentatuaren ostean
Barne Ministerioaren arabera, Estatuaren, Poliziaren eta Segurtasun Indarren kontrako atentatuak prestatzen ari ziren, baita sektore turistikoaren eta kristauen kontrakoak ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egiptoko Barne Ministerioak jakitera eman duenez, 40 pertsona hil dituzte; atzo, ostirala Guizan autobus turistiko baten kontra egindako atentatuari erantzun gisa. Atentatu hartan 3 turista vietnamdar eta euren gida hil zituzten.
Sinaiko penintsulan egin dituzte operazioak, ipar-ekialdean, eta Gizako probintzian, Kairo mendebaldera.
Ministerioaren arabera, pertsona horiek Estatuaren, Poliziaren eta Indar Armatuen kontrako erasoak prestatzen eta antolatzen ari ziren, baita sektore turistikoaren eta kristauen tenpluen aurka ere. Taldeak armak, munizioa eta lehergaiak zituen.
Hala ere, Gobernuak ez du susmagarriak zein taldekoak ziren identifikatu. Atentatua ez du inork bere gain hartu, eta agintariek ez diote inori leporatu.
Ostiralekoa Egipton turisten kontra egiten duten lehen atentatua izan da 2015eko urrian hegazkin errusiar bat eraso zutenetik. Abioia Sinain erori zen, eta 224 pertsona hil ziren.
Herrialdea larrialdi egoeran dago 2017ko apiriletik, Nilo ibaiaren deltako eliza baten aurkako atentatu terroristei erantzunez.