Mundua -
Asteburu honetan
Ehunka hegaldi bertan behera utzi dituzte Alemanian elur-denboraleagatik
Gainera, AENAk jakinarazi duenez, bertan behera utzi dituzte Loiuko aireportuaren eta Munichen arteko hegaldi guztiak. Litekeena da egunean zehar atzerapen gehiago izatea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ehunka hegaldi bertan behera utzi eta dozenaka errepide itxi dituzte Alemania hegoaldean, asteburu honetan izandako hotzaldiagatik eta elurteengatik. Denboraleak arazo handiak eragin ditu hegazkinez eta errepidez egindako garraioan.
Municheko aireportuan (Alemaniako bigarren aireporturik handiena) gutxienez 120 hegaldi utzi dituzte bertan behera, eta atzerapen handiak jazo dira, airportuko bozeramaile batek adierazi duenez. Gainera, litekeena da, orduek aurrera egin ahala, hegaldi gehiago bertan behera utzi behar izatea.
AENAk jakinarazi duenez, 11:00etan bertan behera utzi dituzte Loiuko aireportua eta Munichen arteko hegaldi guztiak. Litekeena da egunean zehar atzerapen gehiago izatea.
Bestalde, Baviera eta Baden-Württemberg eskualdeetan hotzaldiak errepideak eta autobideak izoztu ditu, eta auto-istripu ugari izan dira. Bavierako Poliziak jakitera eman duenez, "25 trafiko-istripu izan dira orain arte izotzagatik". Horietan, bi laguna arin zauritu dira.
Munich eta Berlin lotzen duen A9 autobideko hesiaren aurka talka egin dute hainbat kamioik, eta beste zenbait errepidetan oso zaila da gidatzea elurragatik.
Bavierako eskualdean denborale alerta igorri du DWD Alemaniako meteorologia zerbitzuak, Chiemgau eta Berchtesgadeneko zonaldeetan 50 zentimetrorainoko elur-geruza pilatu daitekeelako.