Mundua -
Iraultza Libian
Gadafik Libian ikertzeko baimena eman dio NBEri
-"Ni ala Al Kaida", esan du Gadafik Journal du Dimanche egunkariko elkarrizketan batean.
-Oposizioak Britainia Handiko zortzi soldadu eta diplomazialari bat bahitu ditu eta Benghazira eraman dituzte.
Erredakzioa
Muamar Gadafi presidenteak Libian ikertzeko baimena eman die Nazio Batuen Erakundeari (NBE) edo Afrikar Batasunari, Journal du Dimanche egunkari frantsesari emandako elkarrizketan adierazi duenez.
"Batzordeak bertatik bertara ikertzeko baimena emango dugu eta ez dugu trabarik jarri", esan du.
Frantziako Gobernuak gatazkaren aurrean izandako jarrera kritikatu du Gadafi koronelak; izan ere, herrialde horrek Libian "interes asko" dituelako. "Frantzia izan behar zuen lehena ikerketa batzorde bat bidaltzen", iritzi dio.
"Lehenbailehen (Frantzia) ikerketako buru izatea espero dut; NBE Segurtasun Kontseiluaren erabakia eta Benghaziko eskualdean atzerritarren esku hartzea galarazi dezan", azaldu du.
"Ni ala Al Kaida"Libiako Gobernua terrorismo islamiarrari aurre egiten ari dela esan du Gadafik Frantziako egunkariak argitaratutako elkarrizketan. "Ni ala Al Kaida", azpimarratu du.
"Jihad Islamiarra izango da zuen aurrean (Mendebaldeko herriak), Mediterraneoan (...). Bin Ladenen jarraitzaileek erreskateak eskatuko dituzte lehorrean eta itsasoan. Bizargorri pirataren garaira itzuliko gara edo bahitutako bukeen truke erreskateak eskatzen zituzten otomandarrenera. Munduko krisia izango da eta hondamendia ekarriko du", gaineratu du Gadafik.
Bahitu britainiarrak
Oposizioak Bretainia Handiko zortzi soldadu eta diplomazialari bat bahitu ditu, The Sunday Times egunkari britainiarrak argitaratu duenez.
Antza, diplomazialariak ekialdeko oposioko kideekin harremanetan jartzeko mandatua zuen eta soldaduak haren eskoltak ziren. Bederatziak oposizioren hiriburu bilakatu den Benghazira eraman dituzte galdeketa egiteko.