Mundua -
Sei ministro berri
Gobernu berriaren eraketa iragarri du Tunisiako lehen ministroak
Gehienbat teknokratek osatzen dute Exekutibo berria eta ekonomiaren susperraldia bilatzea izango dute lehentasun bezala. Era berean, herrialdea uztaileko hauteskundeetara begira prestatuko dute.
Erredakzioa
Trantsizio Gobernu berriaren osaketa iragarri du gaur Beyi Caid Essebsi Tunisiako lehen ministroak. Iragan astean hainbat ministrok dimisioa aurkeztu ostean, sei ministro berri izendatu dituzte gaur.
Exekutibo berria teknokratek osatzen dute gehienbat eta ekonomiaren susperraldi bilatzea izango dute lehentasun bezala. Era berean, herrialdea uztaileko hauteskundeetara begira prestatuko dute.
Alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariekin eta epaileekin elkarrizketatu ostean, Gobernu berriaren eraketa jakitera eman du Essebsik, baina azkenean eskarmentu handia duten funtzionarioak izendatu ditu.
Konfiantza eman
Aditu lokalen esanetan, Exekutibo berriarekin garai politiko berrian konfiantza sortu nahi du Tunisiako lehen ministroak.
Mohamed Ganouchi lehen ministro ohiak iragan astean dimititu eta gero Beyi Caid Essebsik hartu zuen boterea. Ganouchik Zin Al Abidin Ben Ali presidente ohiaren administrazioan parte-hartzea izan zuen zurrumurrua zabaldu zen eta protestak berriro hasi ziren.
Ben Alik urtarrilean ihes egin zuen Saudi Arabiara iraultzaren hasieran. Tunisia Arabiar Munduan diren manifestaldi, iraultza eta matxinaden abiapuntua izan zen.