Mundua -
Kolonbia
Kolonbiako Gobernuak ELNri egotzi dio Bogotako atentatua
Defentsa ministroaren arabera, Jose Aldemar Rodriguez ELNko kidea izan da atentatuaren egilea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kolonbiako Gobernuak ELNri egotzi dio atzo Bogotan jazotako atentatua egin izana. Hain zuzen ere, 20tik gora pertsona hil zituzten Poliziaren Akademia batean, bonba auto bat zartarazita. Horren ondorioz, Exekutiboak iragarri du hautsi egingo duela duela bi urte gerrilla horrekin abiatutako bake-prozesua.
Guillermo Botero Defentsa ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, atentatuaren egilea Jose Aldemar Rodriguez ELNko kidea izan da.
Boteroren esanetan, Ademar Rodriguez 1994an sartu zen ELN-n, eta aditua zen lehergailuetan.
Gainera, prentsaurreko berean, Nestor Humberto Martinez fiskalburuak baieztatu du atentatua sustatu duen pertsonetako bat atxilotu dutela. Nestor Humberto Martinez da atzemandakoa.
Bestalde, Miguel Ceballos Bakerako goi-komisarioak azaldu du Gobernuak hautsi egingo dituela bake-negoziazioak. "Ez da elkarrizketarako espaziorik egongo", gaineratu du.
Bake-prozesua 2017ko otsailean hasi zuen Juan Manuel Santos presidente ohiaren Gobernuak, baina Ivan Duque agintari berriak eten egin zuen abuztuan, kargura heldu zenean.