Mundua -
Gerra zibila Libian
Gadafiren tankeek eta hegazkinek Zawiyari eraso diote
- Zawiyaren kontrola "edonola" berreskuratzeko agindu die soldaduei Gadafik.
- Era berean, matxinoen aurka lau erasoaldi egin dituzte Gadafiren hegazkinek Ras Lanufen.
Erredakzioa
Muamar Gadafi Libiako buruzagiaren tankeek eta hegazkinek Zawiya eraso egin dute, lekuko batek Reuters albiste-agentziari jakitera eman dionez.
Aurretik, Gobernuko indarrek Zawiya "bonbardatu" dutela azaldu du lekuko batek BBC kateari. Zawiyaren kontrola "edonola" berreskuratzeko agindu die soldaduei Gadafik.
Gainera, matxinoen aurka lau erasoaldi egin dituzte Gadafiren hegazkinek Ras Lanufen. Bertan Libiako petrolio biltegi handienetarikoa baitago.
Era berean, artilleriak Zawiya bonbardatu du astearte honetan eta Gadafiren indarrek mendebaldeko hiri estrategiko hori inguratu dute, Al Yazirak jakitera eman duenez.
Liskar armatuak matxinoen eta Gadafiren soldaduen arteko eraso eta kontraeraso segida bat bihurtu dira petrolio horniketa eta basamortua bereganatzeko asmoz.
Oposizioak Gadafi auzipetzeari uko egingo lioke
Bara Al Jatib Libiako Trantsizio Batzorde Nazionalaren bozeramaileak jakitera eman duenez, Gadafi auzipetzeari uko egingo lioke, diktadoreak Libia eta boterea utziko balitu.
Atzo, astelehena, Sharq al Aswat egunkari arabiarrak zabaldu zuenez, presidentzia eta Libia uzteko prest agertu da Gadafi, oposizioak bere familiaren dirua eta segurtasuna babestuz gero.
Komunikabide honen arabera, Gobernua eta Libia uzteko eta berak aukeratutako herrialde batera joateko laguntza jasotzea eskatu du horren truke. Gainera, atzerritik aske mugitzeko eta nazioarteko auzitegietan bere kontrako inolako helegiterik ez aurkeztuko ere exijitu die. Adierazpen hauek errebeldeek baieztatu dituzte gaur, asteartean. Libiako telebista nazionalak, berriz, ukatu ditu.