Mundua -
Maidan Uardak probintzia
Eraso taliban batek 100 hildako baino gehiago utzi ditu Afganistanen
Talibanek erasoa bere gain hartu dute. Miliziano talde batek base militar bati eraso egin dio. Gutxienez hiru erasotzaile hil dira.
Agentziak | Erredakzioa
Afganistango Segurtasun Zuzendaritza Nazionalaren indar berezietako base bati eraso egin diote talibanek astelehen honetan. Erasoak 100 hildako baino gehiago utzi ditu Maidan Uardak probintzian (erdialdea), iturri ofizialen arabera.
“Entrenamendu zentro batean izandako leherketak 126 hildako utzi ditu”, esan du Defentsa Ministerioko goi-kargudun batek.
Era berean, hildakoak 100 baino gehiago direla azaldu dute probintziako iturriek. Gobernuak ez du datua ofizialki baieztatu, eta aldez aurretik biktimak 12 zirela adierazi du.
Rahman Mangal probintziako gobernadoreak azaldu du eztanda 07:00etan (bertako ordutegia) gertatu dela, Maidar Sharheko basean, Tolo News telebistak jakitera eman duenez.
Talibanek erasoa bere gain hartu dute. Miliziano talde batek baseari eraso egin dio, 150 bat pertsona barruan zeudenean. Mangalek zehaztu duenez, hiru erasotzaile hil dira.
Bake negoziazioak
Bertako Gobernuarekin zuzenean hitz egiteko eskatu zien Zalmay Jalilzad AEBek Afganistanen duten ordezkari bereziak talibanei iragan astean. “Hitz egin nahi baldin badute, hitz egitea posible da, eta borroka egin nahi badute, borroka egitea posible da”, azpimarratu zuen Jalilzadek.
Egun bat lehenago, bake elkarrizketak “atzeratzeko” mehatxua egin zuten matxinoek, Washingtonek nazioarteko tropak Afganistanetik ateratzea “modu zintzoan” aztertzen ez baldin badu.
Bi aldeak gutxienez hiru aldiz elkartu dira azken hilabeteetan, baina borrokaldiek ez dute etenik izan. Gainera, Afganistango Gobernuarekin biltzea baztertu dute talibanek.