Mundua -

Japoniako hondamendiagatik

Europako zentraletan 'borondatezko esfortzu probak' egingo dituzte

Frantziako zentral nuklear guztien segurtasun sistemak berriz aztertuko dituztela adierazi du François Fillon lehen ministroak. Bestalde, Alemaniak zazpi zentral nuklear deskonektatu ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zentral nuklearretan "borondatezko esfortzu probak" egingo ditu Europar Batasunak. Horrez gain, proba horiek mundu mailan egitea sustatuko du, gaur Gunther Oettinger Energia komisarioak iragarri duenez. Proba hauek egitea aho batez onartu dute Europar Batasuneko energia eta segurtasun nuklearreko arduradunek. Japoniak pairatutako ezbeharrarraren aurrean izango luketen erantzuna aztertzea da proba hauen helburua.

Hala ere, probak egitea edo ez herriek erabaki beharko dute, Europar Batasunak ezin dituelako behartu. Datozen asteetan bigarren bilera bat egingo dute energia eta segurtasun nuklearreko arduradunek.

Frantziak segurtasun sistemak aldatuko ditu

François Fillon lehen ministro frantziarrak iragarri duenez, herrialdeko zentral nuklear guztien segurtasun sistema guztiak berriz aztertuko dituzte, Japoniako Fukushima zentral nuklearrean jazotakoa ikusita.

"Fukushimaren hondamendian gertatutakoa oinarri hartuta, Frantziako zentral bakoitzari segurtasun azterketak egingo dizkiogu", azaldu du Fillonek Frantziako diputatuen aurrean. Honekin batera, Fillonek baieztatu duenez, "emaitzak jakitera emango dira".

Frantziako lehen ministroak arabera, lurrikara eta tsumani kasuetan, zentral nuklearren erresistentzia neurtzea izango dute helburu azterketa hauek.

Alemania: zazpi zentral nuklear gelditu ditu

Alabaina, hiru hilabeteetan zehar Alemaniako zazpi zentral nuklear zaharrenak geldituko dituela iragarri du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Herrialdean funtzionatzen duten 17 erreaktoretik zazpi deskonektatuko dituzte eta helburua haien segurtasuna aztertzea izango da.

Gainera, energia alternatiboen garapena lehentasuna bihurtuko dela berretsi du Merkelek. Alemaniako Ekonomia ministroaren hitzetan, baliteke zentral nuklear hauen itxierak energiaren prezioa gora bultzatzea. Neurria "behin-behinekoa" dela azpimarratu du Ingurumen Saileko ministroak.

Oposizioaren aburuz, Gobernuak hartutako neurria "alderdikoia" da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea