Mundua -

Gerra zibila Libian

Gadafi: 'Mendebaldeak ez du sekula bakerik izango'

Franco Guda Zibilean Madrilen sartu zen unearekin konparatu du Gadafik gauean Bengasin egin nahi duen erasoa.

75

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muamar Gadagfi Libiako buruzagiak mehatxuak egin ditu Mendebaldearen kontra, Nazio Batuen Erakundeak militarki esku-hartzea onartu baino ordu batzuk lehenago.

NBEren ebazpenaren berri izan aurretik, diktadoreak Mediterranioa igarotzen duten hegazkin eta itsasontzi zibilen kontra erasoak egiteko mehatxua egin du, Libiaren kontrako "ekintza militarrak" gertatzen badira. Era berean, Benghaziren kontra eraso handi bat egingo duela iragarri du iraultzaileek ez badute amore ematen. Gainera, Mendebaldeak ez duela "sekula bakerik izango" esan du.

Atzo, Gadafik iragarri zuen su-etena emango zuela larunbatetik aurrera errebeldeen "errendizioa" errazteko; orain, ikusteko dago NBEren erabakiaren berri izanda, zer egingo duen.

Epe horixe eman du Libiako erregimenak iraultza amaitzeko, gaur gauean tropak Benghazira iritsiko direla eta errenditzen ez direnekin "gupidarik" ez dutela izango jakinarazi baitu Gadafik.

Buruzagi libiarrak berretsi du "bonbardaketa handiak" egingo dituztela hiri horren kontra eta ez dutela "traidoreekiko errukirik izango". Franco Gerra Zibilean Madrilera sartu zenean bezala sartuko omen da Gadafiren Armada Benghazi hirira.

"Libiarrak haien artean hilko dira"

NBEren erabakiaren berri izan eta berehala, Jaled Keem Libiako Atzerri Gaietarako ministroak esan du herrialderen batek iraultzaileei armak ematen badizkie "libiarrak haien artean hiltzeko" laguntza emango duela.

Libiako estatuko telebistan eman duten prentsaurreko batean Keemek azaldu duenez, NBEren ebazpena "modu positiboan" aztertuko dute eta "herrialde osoko zibilak babestuz" erantzungo diote.

"Gure Armadaren eta segurtasun indarren helburua zibilak babestea eta elikagaiak eta sendagaiak helaraztea izango da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Zer gertatzen ari da Libian?