Mundua -
Gerra zibila Libian
Bengaziko herritarrak kalera atera dira NBEren erabakia ospatzera
Milaka pertsona bildu dira iraultzaileen hiriburuan eta garaipenaren keinuak egin dituzte Nazio Batuen Erakundearen bozketan esku-hartze militarrak irabazi duelako.
Erredakzioa
Milaka pertsona bildu dira Bengaziko epaitegien plazan eta poza eta ospakizunak izan dira nagusi Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Libiako herritar zibilak babesteko "beharrezko neurri guztiak" hartzea erabaki ostean.
3.000 pertsonatik gorak jarraitu dute Al Jazeera telebista katean Segurtasun Kontseiluaren bozketa Muamar Gadafiren aurreko erregimenaren banderak eskuetan.
Bildutako herritarrek, gazteak gehienak, garaipenaren keinuak egin dituzte emaitzaren berri izan dutenean. "Orain, Libia eta iraultza" zioten pankartak eta iraultzako biktimen argazkiak erakutsi dituzte.
Geroz eta jende gehiago biltzen ari da inguruetan NBEren erabakia ospatzeko itsasoaren parean dagoen plazan. Dena dela, ez da ospakizunetan murgilduta dagoen leku bakarra, iraultzaileak nagusi diren leku guztietan ari baitira NBEren erabakia ospatzen.
Iraultzaileen hiriburu bilakatu da Bengazi, hori dela eta, Gadafik eraso bortitzak iragarri zituen hiriaren kontra.