Mundua -

Gerra Zibila

Libiak su-etena iragarri du, NBEk esku-hartze militarra adostu ostean

- Gadafiren Gobernuak iragarri du berehala bertan behera utziko dituela operazio militar guztiak eta NBEren ebazpena "bete" egingo duela.

- Bengasiko matxinoak, Gadafik "amore eman" duela ospatzen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muamar Gadafiren erregimenak iragarri du "bete" egingo duela NBEren Segurtasun Kontseiluko ebazpena, eta berehala bertan behera utziko dituela operazio militar guztiak, Musa Kusa Atzerri ministro libiarrak iragarri duenez.

Segurtasun Kontseiluak Libian esku hartze militarra egitea adostu du bart. Besteak beste, herrialde horretako aire espazioa ixtea eta Gadafiren aurka bonbardaketak egitea onartu du.

Zuzenean irakurritako agiri batean, ministroak adierazi du bere herrialdeak "interes handia" duela "zibil guztiak babesteko, laguntza humanitarioa emateko eta Giza Eskubide guztiak errespetatzeko".

Halaber, Nazioarteko Zuzenbidea eta nazioarteko arau humanitarioak beteko dituela eta atzerritarrak babestuko dituela jakinarazi du: "Hala eginda, Libiak Segurtasun Kontseiluaren ebazpenekin bat egingo du".

"Libia NBEko kide dela kontuan hartuta, Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak betetzera behartuta gaudela aitortzen dugu. Horrenbestez, berehala su-etena egitea eta operazio militar guztiak bertan behera uztea erabaki dugu", gaineratu du.

Matxinoak, iragarpena ospatzen

Erregimenaren erabakia ezagutu eta gero, Gadafik "amore eman" izana ospatzen hasi dira Bengasiko matxinoak, Tony Birtley Al Yazirako berriemaile bereziak azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea