Mundua -

Gerra Zibila Libian

'Egunsentiko Odisea' operazioa abian da, Gadafiren erregimenaren aurka

- Espainiak lau F-18 bidali ditu, besteak beste.

- Pariseko goi-bileran "baliabide guztiak, militarrak barne erabiltzea" erabaki dute.

- Italiako baseak esku-hartzean parte hartzeko prest daude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEB eta beste lau herrialde Muammar Gadafiren erregimenaren kontrako operazioaren lehen fasean parte hartzen ari dira, "Egunsentiko Odisea" operazioan hain zuzen, estatubatuarren iturri anonimo batek adierazi duenez.

Iturri horren arabera, AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Kanada eta Italia dira erasoak egiten ari direnak Libiako aire-erasoen kontrako defentsak indargabetu nahian. Aurrerago, hainbat herrialdek arabiarrek ere operazioan parte hartuko dute.

Guztira, koalizioak 25 itsasontzi ditu Mediterraneoan, Tomahawk misilak daramatzaten hiru itsaspeko estatubatuar barne. Amerikarren zaintzarako bost hegazkin ere lanean karri dituzte.

AEBetako Armadak Tomahawks misilak bota ditu Tripoli hiriburutik gertu, CNN telebista kateak zabaldutako informazioaren arabera. Misil horiek Mediterraneoan dauden gerra itsasontzi amerikarrek bota dituzte eta Libiako mendebaldea jo dute, Tripolitik eta Misratatik, Libiako hirugarren hiritik, gertu.

Britainia handiko hegazkinek ere erasoan partu hartu dute, David Cameron lehen ministroak Downing Streeten iragarritakoaren arabera.

Krisi-kabinetearen premiazko bileraren ostean, erasoa "beharrezkoa, legezkoa eta bidezkoa" dela azpimarratu du.

Lehen erasoa, Frantziak

Hegazkinek hainbat tanke eta ibilgailu blindatu suntsitu dituztela baieztatu du Frantziako Defentsa Ministerioak. AlJazeeraren arabera, borrokarako lau tanke izan dira Frantziako hegazkinek Benghazi hiriaren hegomendebaldean suntsitu dituztenak.

"Lehen helburua harrapatu eta suntsitu dugu", iragarri die kazetariei Laurent Teisseire Defentsako Ministerioaren bozeramaileak. Erasoa 17:45ean hasi da eta aliatuek NBEren 1.973 ebazpena betearazteko egiten duten lehena da.

Prentsaurrekoan, Frantziako Armadako bozeramaileak operazioaren inguruko hainbat datu azaldu ditu: Benghazi hiriaren inguruan, erreboltarien gunean hain zuzen, 20 hegazkin dituzte 100 eta 150 kilometroko eremuan Gadafiren aldekoek aurrera egitea saihesteko.

Era berean, hegazkinak eramateko Charles de Gaulle ontzia Libiara abiatuko da igandean. Teisseirek azpimarratu duenez, Gadafiren kontrako nazioarteko operazioaren aginte nagusia oraindik osatu gabe dago.

Helburua: Herritarrak babestea

Hegazkinak Libiako eremuan hegaz daude zibilak erasoengandik babesteko, argitu du bozeramaileak. Gainera, beste hegazkin batzuk operazioan parte hartzeko prest daude, batez ere Libiako Armadako tankeak herritarrei eraso egiten dietela ikusten badute.

Frantziako bozeramaileak azaldu duenez, "operazioa Parisen bildutako herriekin batera" egingo dute, NBEko 1973 erabakia betearazteko.

Espainiak baliabide militarrak bidali ditu

Espainiak aire-eremuaren itxieran parte hartuko duela iragarri du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak . Horretarako, zisterna-hegazkina eta eta lau F-18 bidali ditu aire-patruilak egiteko.

Espainiak ere Gadafiri egindako arma-blokeoa zainduko du F-100 fragata bat, itsaspeko bat eta itsas-zainketarako hegazkin bat erabilita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea