Mundua -
Alarma nuklearra Japonian
Ura agortu da Tokioko saltokietan erradiazioaren kezka dela eta
Atzerritik ura inportatzea aztertzen ari da Japoniako Gobernua. Fukushimako zentraleko bi langile ospitaleratu dituzte erradiazio maila oso handiak jasan dituztelako.
Erredakzioa
Tokion ia ezinezkoa da botila bat ur erostea. Agintariek haurrei iturriko urik ez emateko agindu zutenetik, nahiz eta atzemandako iodo erradioaktiboa onartutako mailara jaitsi den, saltokietako ura ia erabat agortu da.
Tokio eta inguruko bost hiritan, haurtxoak dituzten 80 mila familiaren artean, 240.000 botila ur banatu dituzte agintariek kutsadura erradioaktiboaren kezka zabaldu ostean.
Gobernuak ura botilaratzen duten enpresei ekoizpena areagotzeko eskatu die, baina 30 milioi biztanle dituen hiriak bizi duen eskasia ikusira ura atzerritik inportatu ala ez aztertzen ari dira agintariak.
Uraren prezioa neurrigabe igo da
Interneten 2 litroko 12 botilar ur 18.800 yenen truke saltzen dira gaur, haur da 164 euroan. Amazon izeneko biltegi birtualean, berriz, agortu egin dira.
Fukushimako bi langile ospitaleratuta
Fukushiman. 3. erreaktorean argindarraren kableak jartzen ari ziren bi langile ospitaleratu dituzte erradiazio maila oso handiak jasan dituztelako.
Bitartean, 3. erreaktoreko erregai-tanga hozteko lanei ekin die berriro goizean. Atzo kearen ondorioz bertan behera utzi behar izan zituzten.
Zentrala kudeatzen duen enpresako langileek 1, 2 eta 4 erreaktoreak mendean hartzeko ahaleginetan jarraitzen dute.
Biktimen balantzea
Gutxienez 9.700 pertsona hil dira eta 16.500 herritarrek desagertuta jarraitzen dute joan den martxoaren 11ko lurrikara indartsuaren ondoren.