Mundua -
Turkiaren esanetan
Libiaren kontrako operazioa zuzenduko du NATOk
- Frantziako ehiza-hegazkin batek Gadafiren hegazkin bat bota du debekupeko aire-eremuan.
- Misrata hiriko portuaren kontrola bereganatu dute Gadafiren tropek.
Erredakzioa
Libiaren kontrako operazioetan NATOk agintea hartuko duela ziurtatu du ostegun honetan Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak. Orain arte AEBek, Frantziak eta Britainiak Handiak zuzentzen zuten operazioa.
CNN telebista kateak jakinarazi duenez, Libiaren kontrako operzioa zuzenduko du NATOk, eta operazioaren agintea bere gain hartuko du datozen egunotan.
Nazioarteko koalizioa Tripoli bonbardatzen ari da, seigarren gauez jarraian, Libiako telebistak jakitera eman duenez.
Hiriburuan iluntzean hasi dira bonbardaketak, telebista ofizialak azaldu duenez. Erasoak Tayurako auzoa izan du xede, Tripoliko hegoaldean.
Gadafiren hegazkin bat bota dute nazioarteko indarrek
Debekupeko aire-eremuan zegoen Libiako hegazkin bat bota du Frantziako ehiza-hegazkin batek, ABC News telebistak Interneten jakinarazi duenez.
AEBetako telebistaren esanetan, debekupeko aire-eremuan sartzen den aurreneko hegazkina da, NBEko Segurtasun Kontseiluak iragan ostegunean ezarri zuenetik.
ABCren arabera, "AEBek eta aliatuek ezarritako debekupeko aire-eremua lehen aldiz urratu du Gadafik, izan ere, gerra-hegazkin bat bidali du Misratara, baina Frantziako bi ehiza-hegazkinek berehala bota dute".
Frantziako ofizial militar bat informazioaren iturri izan dela aipatu du ABCk, eta botatako hegazkina Galeb bat izan dela erantsi du.
Setioa Misratan
MisrataIturri berdinaren arabera, Gobernuko indarren zenbait tanke deuseztatu zituzten gauean nazioarteko koalizioak egindako bonbardaketek, baina Misratako erdialdean zeuden tankeak ez zituzten hondatu.
Gadafiren frankotiratzaileen operazioak eta erasoak ez dituzte galarazi azken egunetako bonbardaketek, bizilagunen arabera. Horrela, dozenaka lagun hil eta ehunka zauritu dituzte Misratan, Libiaren mendebaldean matxinoek duten azken gotorlekuan.
Bilera Addis AbebanJean Ping Afrikar Batasuneko presidenteak Muamar Gadafiren erregimeneko, NBEko Segurtasun Kontseiluko, Europar Batasuneko eta arabiar herrietako ordezkariak gonbidatu ditu ostiral honetan Addis Abeban bilera bat egiteko.