Mundua -

Gerra zibila Libian

Gadafiren hegazkinak deuseztatu dituztela iragarri du Erresuma Batuak

- Aliatuen hegazkinek Gadafiren tropak bonbardatu dituzte Misratan.

- Tripoliko ekialdean zortzi leherketa izan dira gauean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greg Bagwell Erresuma Batuko mariskalordeak ziurtatu duenez, Libiako hegazkineria "ez da existitzen dagoeneko, borrokarako indar gisa". Nazioarteko koalizioak egindako erasoek Gadafiren hegazkineria deuseztatu dutela ziurtatu du Bagwellek.

Gioia del Colle (Italiako hegoaldea) basean diren soldaduak bisitatu ditu mariskalordeak gaur. Nazioarteko hegazkinak Libiako zeruan "inpunitate osoz" hegan egin ahal izango dute aurrerantzean, azpimarratu du Bagwellek.

"Gadafiren lurreko tropak zaintzapean ditugu eta zibilak mehatxatzen dituztenean eraso egingo diegu", azaldu du Britainia Handiko agintariak, BBC telebistak jakitera eman duenez.

Tripoliko ekialdean zortzi leherketa izan dira, zenbait bizilagunek jakitera eman dutenez. Libiako telebistak ziurtatu duenez, nazioarteko operazioan parte hartzen duten potentziak helburu militar eta zibilak erasotzen ari dira hiriburuan.

Bonbardaketak Misratan

Nazioarteko koalizioaren hegazkinek Muamar Gadafi Libiako diktadorearen tropak bonbardatu dituzte Misrata herrian, Tripoli eta Sirte artean, Al Jazeera telebista-kateak jakinarazi duenez.

Hala ere, gutxienez 16 lagun hil dira gaur, horien artean bost haur, eta beste 23 zauritu dira Gadafiren tropek hiriaren aurka egindako erasoetan.

Gadafiren tropek egunak daramatzate herriari erasotzen, tankeen eta frankotiratzaileen bitartez, eta zibilen mugimenduak galarazten ari dira.

Matxinoek arma gutxi dituzte, eta erasoak galarazteko zailtasunak izan dituzte. Gainera, hirian eta herritarren artean kalteak izateko arriskua handia da.

Al Yaziraren esanetan, hirian egoera oso larria da, ez baitute elikagairik, argindarrik eta sendagairik, eta zaurituen kopurua oso handia da.

Herritarrek ospitale-ontziak bidaltzeko eskatu dute, zaurituak artatu ahal izateko.

Borrokaldiak Ajdabiyan

Bestalde, matxinoak eta erregimenaren tropak borrokan ari dira gaur Ajdabiyan. Borrokaldi gogorren ondorioz, hiriko bizilagunek ihes egin dute, matxinoen iturriek jakitera eman dutenez.

Libiako hiririk garrantzitsuenetariko bat da Ajdabiya eta errepide nagusiak hiria Bengasirekin eta Tobrukekin lotzen du. Iragan asteartean Gadafiren indarrek hiriaren kontrola bereganatu zutenetik matxinoak berreskuratzen saiatzen ari dira.

Ajdabiya berreskuratzea aurrerapauso bat izango litzateke matxinoentzat. Gainera, nazioarteko hegazkinek egindako erasoak aprobetxatzen ari direla argi geratuko litzateke.

Arma-blokeoa hasi da

Gadafiren erregimenaren kontrako arma-blokeoa ezartzeko operazioa hasi dela baieztatu du NATOk. Horrela, sei ontzik lekua hartu dute Mediterraneoan.

Arma-blokeoa ezartzeko operazioa onartu zuten atzo 28 Estatu kideek, baina oraindik ez dute adostasunik lortu NATOk debekupeko aire-eremua ezartzeko misioaren buruzagitza hartzeko orduan, Frantzia eta Turkia kontra agertu direlako.

Bilera

NBEko ebazpena betez Libian bonbardaketak egiten ari den nazioarteko koalizioaren Atzerri ministroak datorren asteartean bilduko dira Londresen, Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak gaur iragarri duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea