Mundua -

Hegazkin istripuak

Boeing 737 Max abioiaren hegaldiak debekatu dituzte Europan

Indonesian eta Etiopian izandako istripuek zalantzan jarri dute hegazkin mota horren segurtasuna eta, gertatutakoa argitu artean, hegaldiak bertan behera uztea erabaki dute.

Ethiopian Airlines konpainiaren Boeing 737 MAX 8 hegazkina. Argazkia: EFE
Ethiopian Airlines konpainiaren Boeing 737 MAX 8 hegazkina.
Ethiopian Airlines konpainiaren Boeing 737 MAX 8 hegazkina. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost hilabetetan bi hegazkin istripu izan dira, bata Indonesian eta bestea Etiopian, eta kasu bietan lurrera eroritako hegazkina Boeing konpainiaren 737 Max 8 modeloa izan da. Horrenbestez, konpainiaren izen ona eta abioi horien segurtasuna zalantzan jarri da.

Istripuak nola gertatu ziren eta bi ezbeharrak lotuta ote dauden ikertzen ari dira orain; izan ere, aireratu eta gutxira erori ziren bi hegazkinak. Indonesiako istripua 2018ko urrian jazo zen, eta Etiopiakoa, joan den igandean. Guztira, 346 lagun hil dira.

Gauzak horrela, eta dena argitu bitartean, 737 Max 8 hegazkin-modeloaren hegaldi guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu du Aire Segurtasuneko Europako Agentziak.

Ohar batean azaldu duenez, "prebentziozko neurria" da eta "bidaiarien segurtasuna bermatzea" du helburu.

Erabakia gaur (19:00 GMT) sartu da indarrean eta Europako aireportu guztietan izango du eragina. Halaber, aipatu hegazkinek debekatuta izango dute Europako aire-eremua zeharkatzea.

Aurrez, dozena bat herrialdek -Alemania, Irlanda, Frantzia, Austria, Italia, Herbehereak, Erresuma Batua, Australia, Singapur, Txina, Indonesia eta Mongolia- jakinarazi dute modelo horren hegaldiak behin-behinean galaraztea erabaki dutela.

Ildo berean, nazioarteko 20 bat konpainiek iragarri dute Boeing 737 Max 8 modeloa erabiltzeari utziko diotela.

Bestalde, Etiopiako istripuaren biharamunean, munduko hegazkin konpainiarik handienak 10.000 milioi dolar galdu zituen eta % 5,4ko galera izan zuen burtsan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europa Ekonomia Hegazkin istripuak Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Indonesia Asia