Mundua -
Kolonbia
Kolonbian bakea sendotzeko elkarlaneko proiektua bultzatu du Eusko Jaurlaritzak
Europar Batasunarekin eta beste entitateekin batera parte hartzen du Jaurlaritzak. FARCeko borrokalari ohiek martxan jarritako proiektuaren helburua bake prozesua sendotzea da.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak, beste erakunde eta entitateekin batera, Kolonbian FARCeko borrokalari ohiek martxan jarritako proiektu kolaboratibo bat lagunduko du, herrialdean bake prozesua sendotzeko helburuarekin.
Exekutiboaz gain, Europar Batasunak —7,5 milioi euroko finantzazioa—, LKS Nextek eta ALECOPek (Mondragon korporazioa) eta Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) hartzen dute parte.
Habanan sinatutako bake akordioaren emaitza da proiektua. Kolonbiako Gobernuaren eta FARCeko borrokalari ohien arteko elkarlanerako agertokia sortu zen akordioan.
Proiektuaren helburua, Europar Batasunak Kolonbian duen enbaxadore Patricia Llombartek esan zuenez, "adiskidetzea" da, "FARCeko borrokalari ohiei on egingo dieten eta inguruko komunitateetara garapen ekonomikoa eta soziala eramango duten proiektu emankorrak egitea".
Aurkezpen ekitaldian, Kolonbiako Gobernuak antolatua, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia Jonan Fernandez izan da. Esan duenez, bakea eta elkarbizitza "kausa unibertsala" da munduko edozein tokitan.
"Gainera, Kolonbiarekin adiskidetasun harreman askok lotzen gaituzte, nabarmendu du Fernandezek. Hegoamerikako herrialdeari "euskal gizartearen babes guztia" helarazi dio.