Mundua -
Christchurcheko atentatua
Zeelanda Berriak arma erdiautomatikoak eta eraso-fusilak debekatuko ditu apirilean
Christchurcheko atentatuaren ondotik, armen inguruko lege berria apirilaren 11n indarrean sartzea espero du lehen ministroak. Halaber, Gobernuak debekatutako armak itzultzeagatik ordainduko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zeelanda Berriak estilo militarreko arma erdiautomatikoak eta eraso-fusilak debekatuko ditu iragan ostiralean Christchurcheko bi meskitaren kontra izandako atentatuaren ondotik, Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak ostegun honetan jakinarazi duenez.
"Martxoaren 15ean gure historia betirako aldatu zen. Orain gure legeak aldatu behar dira. Zeelandaberritar guztien izenean neurriak hartzen ari gara, gure legeak indartzeko eta gure herrialdea toki seguruagoa egiteko", azaldu du.
"Martxoaren 15eko eraso terroristan erabilitako arma erdiautomatiko guztiak debekatuko dira", baieztatu du. "Arma horiek egiteko erabiltzen diren zatiak ere debekatu egingo dira, gaitasun handiko kargagailuekin batera", gaineratu du.
Ardernek adierazi duenez, armen inguruko lege berria apirilaren 11n sartuko da indarrean. Horrez gain, debekatutako armak itzultzeagatik ordainduko du Gobernuak. Guztira, Gobernuak 200 milioi dolar australiar (125 milioi euro) baliatuko ditu horretara.
Bestalde, hurrengo erreforma batean suzko armen lizentziak eta erregistroak gehituko dira.