Mundua -

Trantsizioa

Behin-behineko Konstituzio bat iragarri dute Egiptoko buruzagiek

Behin-behineko Konstituzioak 62 artikulu eta erreferendumean onartu berri diren zenbait zuzenketa barneratzen ditu, Egiptoko Batzorde militarrak prentsaurrekoan azaldu duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskundeak egin bitartean, indarrean izango den behin-behineko Konstituzio bat iragarri du gaur Egiptoko batzorde militarrak. Otsailaren 11n hartu zuen boterea batzordeak.

Behin-behineko Konstituzioak 62 artikulu eta erreferendumean onartu berri diren zenbait zuzenketa barneratzen ditu, Mamduh Shahin jeneralak prentsaurrekoan iragarri duenez. Shahin batzorde militarreko kidea da.

Bestalde, presidentetzarako hauteskundeak legegileak egin eta bi hilabete geroago deituko dituztela iragarri du Shahinek. Hauteskunde legegileak irailean egingo dituzte, baina ez dute data zehatzik finkatu.

Hauteskunteak irailean

Hauteskunde legegileak irailean egingo dituztela iragarri zuten iragan astelehenean. Presidentetzarako hauteskundeak noiz egin behar zituzten zehaztea falta zen soilik.

Parlamentu berria aukeratzen dutenean, erakundeak batzorde bat osatuko du behin betiko Konstituzioa idazteko. Ondoren Konstituzioa onartzeko erreferenduma egingo dute, Shahin jeneralak azaldu duenez.

Parlamentua otsailaren 13an desegin ostean boterea hartu zuen batzorde militarrak, Hosni Mubaraken erregimena erori eta bi egun geroago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea