Mundua -
Hauteskundeak
Zelenski komikoa faborito, Ukrainan egiten ari diren lehia handiko hauteskundeetan
Ez dago batere argi nork irabaziko dituen bozak. Horrenbestez, bigarren itzulian aukeratu beharko dute presidentea, apirilaren 21ean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ukrainarrak hautestontzietara daude deituta, 08:00etatik aurrera, igande honetan. Presidentea aukeratzeko egiten ari diren bozetan ez dago batere argi nork lortuko duen presidentetza. Beraz, litekeena da irabazlea bigarren itzulian erabakitzea, datorren apirilaren 21ean.
Oraingo honetan, 39 hautagai aurkeztu badira ere, hiru dira presidente izateko aukerak dituzten presidentegaiak. Inkesten arabera, Volodimir Zelenski komikoa da faborito. Petro Poroshenko egungo presidentearekin eta Yulia Timoshenko lehen ministro ohiarekin lehia estua izango du, baina.
KIISek argitaratu duen azken inkestan oinarrituta, Zelenskik botoen % 20,9 jasoko luke. Poroshenkok, berriz, % 13,7, eta Timoshenko % 9,7. Horrek esan nahi du inork ez lukeela presidentetzara iristeko beharrezkoa den botoen % 50 lortuko. Inkestak esandakoa beteko balitz, bigarren itzulia egin beharko lukete, eta boto-emaileen % 21,5 komikoaren alde agertuko litzateke orduan; % 18,1ek, aldiz, egungo presidenteari emango liokete botoa, eta % 10,1ek lehen ministro ohiari.
Adituek diote Poroshenkok ez duela hasiera batean agindutakoa bete, batez ere, ez diolako ustelkeriari aurre egin. Horrek azalduko luke, beraz, Zelenskiren arrakasta.
Telebista saio batean parte hartzeagatik da ezaguna Zelenski
Komikoak argi dauka Ukrainak “aurpegi berri bat” behar duela politikaren munduan. Esan bezala, telebista saio batean parte hartzeagatik da ezaguna Zelenski, baina orain arte ez da sekula politikan aritu.
Poroshenko, Errusiaren aurkaria
Bestalde, Poroshenkok Errusiari aurre egiteko orduan Ukrainia hobekien defendatzen duen hautagaitzat du bere burua. Halere, azken bost urte hauetan ez da Donbaseko gatazka konpontzeko gai izan.
Timoshenko, hirugarren aukera
Bi aldiz izan da lehen ministro eta birritan egon da kartzelan. Nolanahi dela, Timoshenkok ez du amore emateko asmorik, eta presidentetza lortzen saiatuko da berriro ere, 2010ean eta 2014an izandako porroten ostean.