Mundua -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Carlos Iturgaizek aitortu du eurodiputatuak 'pribilegiatuak' direla

PPko eurodiputatuak aitortu egin du Bruselara joaten denean "business hegaldietan" egiten duela beti, "eskubide hori" duelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Iturgaiz PPko euskal eurodiputatuak aitortu egin du “pribilegiatuak” direla "herrialde honetako herritar gehienek irabazten dutena ikusita", baina kritikatu egin du "gaizkileak" direla dirudiela, eta defendatu egin du eurodiputatuak "zintzoak" direla.

Adierazpen horiekin, Iturgaizek hizpide hartu du azken egunetan eurodiputatuen inguruan piztutako polemika. Izan ere, business mailako hegaldietan bidaiatzen uzteari uko egin zioten asteazkenean.

Cuencatik Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketa batean, eurodiputatuak aitortu du Estrasburgora joaten denean "turista mailako hegaldietan" egiten duela, eta Bruselara joaten denean, aldiz, "business hegaldietan". "Zergatik? Eskubide hori dudalako", gaineratu du.

Iturgaizek azaldu nahi izan du araudia: "Araudia aldatu delako bidaiatzen dugu business hegaldietan. Lehen, business txartelak ordaintzen zizkiguten, baina nahi genituen hegaldietan joaten ginen. Hau da, Ryanairren bidaiatzen bagenuen, business bidaia izan balitz bezala ordaintzen ziguten, eta hori eskandalua zen. Zapaterok hori aldatu nahi izan du, ondo eginda gainera, turista hegaldietan joaten bagara, turista bidaia bezala ordaintzeko".

Bere alderdiak turista hegaldien aurka zergatik bozkatu zuen ere azaldu du: "Hauteskunde kanpainan dagoen komunista portugaldar batek aurkeztu zuen zuzenketa bat baino ez zen, eta ez zen halabeharrez betetzekoa". Hori horrela, Europako aurrekontuen bozketan, murrizketak egitearen alde bozkatuko dutela iragarri du.

Testuinguru honetan, Iturgaizek adierazi du ulertu egiten duela piztutako "morboa", eta hedabideen aurka egin du, "hauteskundeak daudenean baino ez baitigute deitzen".

Eurodiputatuen soldatak

Eurodiputatuen soldatak (15.000 euro hilean osagarriak zenbatuta) gehiegizkoak diren galdetu diotenean, buruzagi ''popularrak'' Erregimen komunistak aipatu ditu: "Zer egingo dugu, Sobietar Batasunean eta Kuban bezala? Soldata berdina guztiontzat? Soldata berdina igogailuzain batentzat eta zirujau batentzat?".

"Soldata hori dutenak pribilegiatuak dira, batik bat herrialde honetako herritar gehienek irabazten dutena ikusita, baina nik ez ditut egin arau hauek, Europako Parlamentua aspaldi sortu zuten, eta kanpaina egin dugunean kontatu egin dugu", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea