Mundua -
Hauteskundeak
Zelenskik garaipen zabala lortu du Ukrainako hauteskundeetan, inkesten arabera
Vladimir Zelenski aktoreak bozen % 72,7 eskuratuko luke eta Petro Poroshenko egungo presidenteak, berriz, % 27,3.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Vladimir Zelenski aktoreak irabazi du, boto-emaileen ia hiru laurdenen babesarekin, Ukrainako hauteskunde presidentzialen bigarren itzulia, Petro Poroshenko egungo presidenteari irabazita, hauteslekuetako inkesten arabera.
"Ofizialki presidente ez naizenez, ukrainar herritar moduan hitz egiten diet herrialde postsobietar guztiei. Begira iezaguzue, guztia da posible, Jaungoikoari esker!”, adierazi du Zelenskik.
Ukrainako telebistak zabaldutako inkesten arabera, Zelenskik botoen % 72-74 eskuratu du bozetan.
Umoregileak Poroshenko kenduko du kargutik, krisi ekonomikoaren eta Donbasseko gatazkaren erruz bere sinesgarritasunak nabarmen behera egin ostean.
41 urteko komediagileak ez du esperientzia politikorik, baina emaitza historikoa lortu du, litekeena baita herrialdeko eskualde guztietan irabazi izana, baita Kieven eta mendebaldeko nazionalistetan ere, inkesten arabera.
Gainera, ekialde errusiar hiztunean, Zelenskiren jaiolekuan, garaipen zabala eskuratu du, % 88 inguruko babesa izatea espero baita.
Poroshenko Maidan iraultzari esker iritsi zen boterera Viktor Yanukovich errusiazalea kargutik kenduta, 2014an. Berehala aitortu du galdu duela, eta segituan azpimarratu du Zelenskiren garaipena Kremlinen ere ospatuko dutela.
Izan ere, eta Zelenskik Vladimir Putin Kremlineko burua etsaitzat jo duen arren, berekin hitz egiteko prest agertu da Donbassen bakea lortzeko.