Mundua -
Gerra zibila
NATOk Libian ez duela nahikoa egiten salatu du Frantziak
Misrata hiria bonbardatzeko Muamar Gadafiren tropek dituzten arma astunak suntsitzeko eskatu du Alain Juppe Atzeri ministroak.
Erredakzioa
Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak NATOk Libian ez duela nahikoa egiten salatu du eta Misrata hiria bonbardatzeko Muamar Gadafiren tropek dituzten arma astunak suntsitzeko eskatu dio.
"NATOk bere papera jokatu behar du lehenbailehen. NATOk bere gain hartu nahi izan zuen operazioen zuzendaritza eta guk onartu egin genuen. Orain bere papera jokatzea tokatzen zaio, hau da, Gadafik herritarrei arma astunekin eraso egitea galaraztea", adierazi du Juppek France Infon egin dioten elkarrizketa batean.
Ministro frantziarrak jakinarazi du gai hori azpimarratuko duela Europar Batasuneko gainerako ministroekin gaur Luxenburgon egingo duten bileran. Bertan izango da Libiako oposizioko bidali berezi bat eta giza-laguntza bildatzea ere aztertuko dute.
"Esfortzu handia egin behar da eta giza-laguntza indartu. EBk ez zuen alor militarrean sartu nahi izan, beraz, orain giza laguntzari erabateko lehentasuna eman behar dio", azaldu du Juppek Luxenburgoko bileraren harira.
Libian zatiketa bat gertatuko ote den galdetuta, diplomazialari frantziarrak esan du "denek saihestu nahi dutena" horixe dela.