Mundua -

Gbagboren atxiloketaren ostean

Boli Kostako herritarrak normaltasunera bueltatzen ari dira

Ouattarako tropak Abiyango zenbait auzotan sartu dira Boli Kostako hiriburu ekonomikoaren herritarren segurtasuna bermatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boli Kostako herritarrak normaltasuna berreskuratzen ari dira Laurent Gbagbo agintari ohiaren atxiloketaren ostean. Alassane Ouattara presidenteak bakea lortzeko deia egin du.

Ouattarako tropak Abiyango zenbait auzotan sartu dira Boli Kostako hiriburu ekonomikoaren herritarren segurtasuna bermatzeko.

Poliziak bere lanpostuetara bueltatzeko zain daude. Bitartean, hautatutako presidentearen indarrak azken asteotako lapurretak eta harrapaketak saihesten saiatu dira.

Hildakoak

Nazio Batuen Erakundearen Goi-Komisarioaren Bulegoaren ikertzaileek jakitera eman dutenez, joan den martxotik Boli Kostako mendebaldean izandako sarraskietan hildakoen 536 gorpu zenbatu dituzte.

Hildakoen gehiengoak guere etnikoak dira, Laurent Gbabgo presidente ohiaren aldekoak zirenak, eta hori dela eta Alassane Ouattara egungo presidentearen indar armatuek hil zituztela uste dute.

Ravina Shamdasani NBEko Bulegoaren bozeramaileak zehaztu duenez, "krimenak egin dituen edonor, berdin dio zein aldekoa den, nazioarteko irizpideei jarraituz epaitua izan beharko da".

"Berri ona"

Bestalde, Laurent Gbagbo Boli Kostako presidente ohiaren atxiloketa "berri ona" da, Frantziaren hitzetan. "Lehenik eta behin, berri ona da Boli Kostako herritarrentzat eta azkenean, demokraziarentzat", azaldu du Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak.

Gainera, Frantziako tropek ez zutela Gbagbo preso hartu nabarmendu du Juppek. Honen esanetan, Licorne misioaren Frantziako indarrek "helburu militarrak" bonbardatu zituzte Abiyanen. Ondoren, Alassane Ouattara presidentearen tropak sartu ziren buruzagi ohiaren etxean eta bertan atxilotu.

Gbagbo epaituko dutela iragarri du Ouattarak

Laurent Gbagboren aurkako prozedura judiziala abian jarri dutela iragarri du Alassane Ouattara Boli Kostako presidenteak, eta gaur atxilotutako agintari ohia "tratu duina jaso eta eskubide guztiak errespetatuko" dizkiotela azaldu du.

Hitzaldian, adiskidetze eta bake batzorde bat sortuko dutela iragarri du Ouattarak, azken urteetan herrialdean izandako sarraski eta krimen guztiak argitzeko. Gbagbo presidente ohiaren, Simone haren emaztearen eta atxilotuta diren lagun guztien eskubideak bermatzeko neurriak hartu dituztela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea