Mundua -
Aurreneko bilera Dohan
Matxinoak armaz hornitzea ez du baztertu Libiako Harreman Taldeak
Erasorako ez diren armak hornitzea "moralki" justifikatuta dagoela azaldu du Italiako Atzerri ministroak, Gadafi zibilei eraso egiteko "estrategia aldatzen ari delako".
Erredakzioa
Libiako matxinoak laguntzea ez du baztertu Libiako Harreman Taldeak. Horrela, erasorako ez diren armaz hornitzea ez du baztertu nazioarteko taldeak. Era berean, Muamar el Gadafi buruzagiak boterea utzi behar duela errepikatu du Harreman Taldeak, Dohan egindako aurreneko bileran.
Libiako Harreman Taldea Gadafiren erregimenaren aurka esku hartu duten herrialde aliatuek osatzen dute. Lehen bilera egin dute gaur Qatarren, martxoaren 29an Londresen sortu ostean.
Erasorako ez diren armak hornitzea "moralki" justifikatuta dagoela azaldu du Franco Frattini Italiako Atzerri ministroak, Gadafi zibilei eraso egiteko "estrategia aldatzen ari delako". William Hague Britainia Handiko eta Hamad bin Yasim bin Yaber al Zani Qatarreko Atzerri ministroek prentsaurrekoa eman dute, Frattinirekin batera.
Libiako matxinoak eta zibilak defendatzeko beharrizanak eztabaidagai nagusietako bat izan da bileran, Britainia Handiko, Qatarreko eta Italiako ordezkariak onartu dutenez.
Matxinoen Batzordea
Libiako zona matxinoetan "gobernatzen" duen Batzordea (CNTI) "Libiako herriaren ordezkari legitimoa" dela uste du Harreman Taldeak.
Zentzu horretan, CNTI diruz lagunduko dutela aurreratu du Al Zanik, eta gobernuz kanpoko erakundeek Libia laguntzeko lan egingo dutela jakinarazi du.