Mundua -
ARGITU GABEKO KASUA
Susmagarri berri bat agertu da Madeleine McCannen desagerketarekin lotuta
Alemaniako Poliziak hiru haurren hilketagatik zigorra betetzen ari den gizon baten inguruko informazioa helarazi die Portugalgo eta Erresuma Batuko poliziei eta pista hori aztertzen ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru haurren hilketagatik kartzela-zigorra betetzen ari den gizon bat, duela 12 urte Portugal hegoaldeko Algarveko zonalde turistiko batean, desagertu zen Madeleine McCann haurraren desagerketarekin lotu dute Alemaniako hainbat komunikabidek.
Britainia Handiko Sky News telebista kateak ere jakitera eman duenez, McCann desagertu zen toki inguruan bizi zen pederastatzat jotzen den gizona garai hartan, eta 2011an jada identifikatu zuen Scotland Yardek susmagarri gisa, baina deskartatu egin zuten "mutikoak gustatzen" zitzaizkiolako.
Informazio berria atera da orain, ordea, eta berriz ere susmagarri bihurtu da. Alemaniako Poliziak eman die susmagarri honen berri Portugalgo zein Erresuma Batuko poliziei, kartzelan zutela. Gizon hau eta beste bat dira orain susmagarri nagusiak ikertzaileen arabera.
12 urte umea desagertu zenetik
Pista berri hauek Madelein McCannen desagerketaren 12. urteurrenarekin bat egin dute. Hiru urteko neskatoa 2007ko maiatzaren 3an desagertu zen Praia da Luzeko apartamentu batetik.
Haurra lo zegoen bere bi anai-arreba bikiekin batera, gurasoak ondoko jatetxe batean afaltzen zuten bitartean. Zer moduz zeuden ikustera joan zirenetako batean, haurra falta zela ikusi zuten.
Gurasoak eurek ere susmagarritzat jo zituen ofizialki Portugalgo Poliziak ikerketaren baitan, baina justiziak errugabeak zirela ebatzi zuen.
Denbora hori guztia igaro den arren, kasuak argitu gabe jarraitzen du.