Mundua -
HAUTESKUNDEAK TURKIAN
Udal hauteskundeak errepikatuko dituzte Istanbulen, oposizioa gailendu zen hirian
Hauteskunde Batzorde Gorenak martxoaren 31n Istanbulen egindako udal hauteskundeak baliogabetu ditu. Ekainaren 23rako deitu dituzte bozak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkian, Hauteskunde Batzorde Gorenak martxoaren 31n Istanbulen egindako udal hauteskundeak errepikatzea agindu du, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak agindu bezala. Ekrem Imamoglu oposizioko alkategaia nagusitu egin zitzaion Erdoganen AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiko hautagaiari.
Hauteskunde Batzordeak zazpi aldeko botorekin eta kontrako laurekin ebatzi du udal hauteskundeen emaitza baliogabetzea. Ekainaren 23rako deitu dituzte bozak.
Horrela, Ekrem Imamoglu alkatearen izendapena atzera bota du. CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko hautagaiak irabazi zituen azken hauteskundeak, eta apirilaren 17an hartu zuen alkate kargua, AKP alderdiaren 25 urteko agintaldiari amaiera emanez.
Erabakiaren berri izan ostean oposizioak salatu duenez, "diktadura" baten erakusgarri da.
Ekrem Imamogluk, bere aldetik, denbora eskatu du Hauteskunde Batzorde Gorenaren txostena aztertzeko.