Mundua -

Iran

Zigorretatik babesten ez badute akordio nuklearra ez duela beteko esan du Iranek

Irango presidenteak iragarri duenez, Errepublika Islamiarrak berriz uranioa goi mailan aberasteari ekingo dio beste bost estatu sinatzaileek ez badute Estatu Batuek ezarritako zigorretik babesten.

Hasan Rohani Irango presidentea. Argazkia: EFE.
Hasan Rohani Irango presidentea.
Iranek akordio nuklearraren konpromiso batzuk betetzeari utziko dio

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015ean sinatutako akordio nuklearreko zenbait konpromiso betetzeari utziko diola iragarri die Irango Gobernuak Txina, Errusia, Frantzia, Erresuma Batua eta Frantziari, Errepublika Islamiarra Estatu Batuek orain dela urtebete jarritako zigorretatik babesteko ahalegin gehiago egiten ez badute.

Hasan Rohani presidenteak esan duenez, Iranek berriz ekingo dio uranioa goi mailan aberasteari akordioa sinatu zuten beste estatuek (Erresuma Batua, Frantzia, Txina, Errusia eta Alemania) 60 eguneko epean ez badituzte Irango petrolioaren eta bankuen sektoreak babesten Estatu Batuetako zigorretatik.

Donald Trump presidenteak Estatu Batuek hitzarmen nuklearra uztea erabaki zuen orain dela urtebete, Iranek bere konpromisoak betetzen ez zituela, bere misilen programa gelditu behar zuela eta Ekialde Hurbilean bere influentzia politikoa utzi behar zuela iritzita.

Akordioa utzi zuenetik, AEBko Gobernuak berriz jarri zizkion zigorrak Errepublika Islamiarrari, eta gainontzeko estatuei Irango petrolioa erosteari utz diezaioten eskatu die, zigorrak jasotzearen mehatxuan.

Irango estatu telebistak igorritako mezu batean, beste estatu sinatzaileei gutun bat idatzi diela esan du Rohanik, Errepublika Islamiarrak hitzarmenean jasotako zenbait konpromiso murriztuko dituela esanez. Horien artean dago beste herrialdeei aberastutako uranioa eta ur astuna saltzeari uzteko konpromisoa.

"Bost herrialdeak negoziazio mahaira etortzen badira, akordio bat lortzen badugu eta gure interesak babesten badituzte bankuen eta petrolioaren sektorean, orduan hasierako egoerara itzuliko gara", esan du presidenteak.

Irango programa nuklearra NBEko Segurtasun Kontseilura eramaten badute erantzun sendoa izango dela ohartarazi du Rohanik, baina negoziatzeko prest dagoela iragarri du. "Irango herriak eta munduak jakin beharko lukete gaur ez dela akordio nuklearraren amaiera". Aldiz, "erabaki hauek akordio nuklearraren zentzu berean doaz".

Mohamed Yavad Zarif Kanpo Arazoetarako ministroak, bestalde, Iranek azken urtean "pazientzia" izan duela esan du, eta orain Iranek "Estatu Batuek jarraitzea ezinezkoa egin dituzten neurriak" gelditu ditu. Irango diplomaziaren buruak esan duenez, beste bost herrialdeek akordioa mantentzeko aukera dute.

Nazio Batuen inspektoreen arabera, Iranek akordioa betetzen jarraitu du Estatu Batuek hura alde bakarretik utzi zutenean. Hitzarmena sinatutako Europako estatuak AEBen irteeraren aurka azaldu ziren, eta akordioa mantentzen saiatu dira, Estatu Batuetako zigorrek Irango ekonomian zuten eragin ekonomikoa murrizteko neurriak bultzatzen saiatzen.

AEB, urtebete hitzarmenetik kanpo

5+1 taldeak –Estatu Batuek, Errusiak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak osatutakoa- 2015eko uztailaren 14an sinatu zuten Iranekin bere programa nuklearra murrizteko akordioa, urteetan indarrean egondako zigor ekonomikoak baztertzearen ordez.

Hala ere, Donalt Trump AEBko presidenteak 2018ko maiatzean utzi zuen Barack Obamak negoziatutako akordioa. Txinak, Frantziak, Errusiak eta Erresuma Batuak akordioa betetzen jarraitzeko asmoa adierazi dute; baita ordainak eskatzen dituen Iranek ere.

EiTBren Ekialde Hurbileko berriemaile Mikel Ayestaranek akordio nuklearra "hil egin zuena" Donald Trump izan zela gogorarazi du, orain dela urtebete, eta ez orain Hasan Rohani. Esan duenez, beste sinatzaileak Estatu Batuen kontrolari aurre egitearen "beldur" dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Errusia Erresuma Batua Alemania Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Iran