Mundua -
ARGENTINA
Delituak egiteko elkarte bateko buru izatea egotzi dio fiskalak Kirchner familiari
Bere agintaldian (2007-2015), zilegi ez den elkarte bateko buru izatea eta Estatuari iruzurra egitea leporatzen dio Fiskaltzak Cristina Fernandez de Kirchner presidente ohiari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentinan atzo hasi zen Cristina Fernandez de Kirchner presidente ohiaren kontrako ahozko epaiketa, ustelkeriagatik. Saioa hasi aurretik, bere kontrako akusazioak jazarpen politikoa direla adierazi zuen. Dena dela, obra publikoko kontratuak enpresari bati esleitzea leporatzen diote. Aipaturiko enpresaria kartzelan dago beste auzi batzuengatik.
Fiskaltzak Cristina Fernandezen eta hilda dagoen Nestor Kirchnerren aurkako karguen zerrenda irakurri zuen. Horren arabera, diru publikoaz jabetzeko delituak egiteko elkarte bateko buru izan ziren senar-emazteak.
Bere agintaldian (2007-2015), zilegi ez den elkarte bateko buru izatea eta Estatuari iruzurra egitea leporatzen dio Fiskaltzak Cristina Fernandez de Kirchner presidente ohiari. Fiskalaren esanetan, 52 kontratu publiko esleitu zitzaizkion Lazaro Baez enpresariari, 46.000 milioi pesoren truke (1.000 milioi dolar baino gehiago) Santa Cruz probintzian.
Akusazioen irakurketan azpimarratutakoaren arabera, 12 urte iraun zuen egiturak, eta Estatuaren barruan eta kanpoan bakoitzak izan zuen parte-hartzea ikertzen ari dira.
"Talde kriminal honetako buruak Nestor Carlos Kirchner (2003tik 2007ra presidente izan zena eta 2010ean hil zena) eta Cristina Elizabeth Fernandez izan ziren", gaineratu zuen.