Mundua -

ERRESUMA BATUA

Nola aukeratuko dute Theresa Mayren ondorengoa eta Alderdi Kontserbadorearen burua?

Lehen ministro britainiarrak ekainaren 7rako dimisioa iragarri ostean, hura ordezkatzeko prozesua zabalik da. Hautagaien artean daude, Boris Johnson edota Michael Glovem.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ekainaren 7an dimitituko duela iragarri ostean, lehen ministroa eta Alderdi Kontserbadorearen buruzagia aukeratzeko prozesua zabalduko da.

Hautaketa prozesua, pausoz pauso

- Hautagaiek, gutxienez, Alderdi Kontserbadoreko bi diputaturen babesa izan beharko dute.

- Hautagai bakarra aurkeztuko balitz, zuzenean lehen ministro eta Alderdi Kontserbadoreko buru izendatuko lukete. Hala ere, ez dirudi hori gertatuko denik. Izan ere, Boris Johnson Londreseko alkate ohi eta Atzerri ministro izandakoak eta beste zenbait ministro eta ministro ohik beren hautagaitza aurkezteko asmoa iragarri dute.

- Beharrezko babesa lortzen dutenek hautagaien zerrenda osatuko dute. Zerrenda horretatik bi bereizi beharko dituzte Alderdi Kontserbadoreko parlamentariek.

- Hurrengo bozketan, alderdikide guztiek, ez bakarrik parlamentariek, bi hautagaien artean hautatu ahal izango dute. Irabazlea, zuzenean, kontserbadoreen buru eta lehen ministro bihurtuko da.

- Graham Brady 1922 Batzordeko buruak izango du Theresa Mayren ondorengoa aldarrikatzeko ardura. Ez hori bakarrik, haren esku egongo da ondorengotza prozesuaren egutegia zehaztea. Eskualdaketak sei aste iraun dezake, baina litekeena da epe laburragoa ere gauzatzea.

- Bien bitartean, Theresa May izango da Erresuma Batuko jarduneko lehen ministroa.

Boris Johnson, faboritoen artean

Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministro ohia da Theresa May ordezkatzeko faborito nagusia. Mayren Gobernuko kide izan aurretik, zortzi urtez Londreseko alkate izan zen. Iazko uztailean gobernua utzi zuen, brexitaren inguruan lehen ministroarekin zituen desadostasunengatik. Boris Johson brexitaren defendatzaile sutsua da eta aho bizarrik gabe hitz egin ohi du.

Michael Gove Ingurumen ministroa ere brexit gogorrraren aldekoa da. Hala ere, Mayren gobernuan jarraitu izanak alderdikide batzuek berekiko izan zezaketen jarrera aldarazi du. 

Jeremy Hunt egungo Atzerri ministroak Erresuma Batuak Europar Batasunean jarraitzearen aldeko kanpaina egin zuen, baina gaur gaurkoz, herritarren agindua bete eta brexita gauzatzearen aldekoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Eskozia Erresuma Batua Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Brexit albisteak Zer da Brexita Theresa May Ingalaterra