Mundua -
Erasoa Marrakexen
Atentatuaren metodoa Al Kaidarena dela adierazi du Marokok
Suizidioaren hipotesia baztertu dutela esan du Taieb Cherkaui Marokoko Barne ministroak. Antza denez, lehergaiaren eztanda urrutitik aktibatu zuten.
Erredakzioa
Marrakexen atzo egindako atentatuan terroristek erabilitako metodoak "Al Kaidaren estiloa" duela esan du gaur Taieb Cherkaui Marokoko Barne ministroak, baina egilea beste talderen bat izatea ez du baztertu. 16 hildako eta 25 zauritu utzi zituen erasoak.
Rabaten emandako prentsaurrekoan, 13 gorpu identifikatu dituztela azaldu du Cherkauik: Frantziako zazpi lagun, bi marokoar, bi kanadar, holandar bat eta Britainia Handiko turista bat.
25 zaurituen artean, 14k Marrakexeko ospitaletan jarraitzen dute. Bien bitartean, Suitzako bi lagun eta beste bi errusiar euren herrialdeetara lekualdatu dituzte.
Ikerketaren arabera, leherketa Argana kafetegiko lehen solairuan gertatu zen, Yema El Fnako plazan. Lehergaia amonio nitratoak eta TATPk osatzen zuten eta 70 zentimetroko zuloa utzi zuen lokalean.
Suizidioaren hipotesia baztertu dutela esan du Cherkauik. Antza denez, lehergaiaren eztanda urrutitik aktibatu zuten.