Mundua -
Turkia
Imamogluk bigarrenez irabazi ditu Istanbulgo hauteskundeak
CHPko hautagaiak garaipena lortu du, botoen % 54,03 eskuratuta. Binali Yildirim lehen ministro ohiak (Erdoganen AKP alderdiaren alkategaia) bozen % 45,09 erdietsi ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Ekrem Imamoglu CHP alderdiko hautagaiak bigarrenez irabazi ditu Istanbulgo udal hauteskundeak. Igande honetan bozak errepikatu dituzte, martxoaren 31ko bozketa baliogabe utzi ondoren. Orduan ere Imamogluk lortu zuen garaipena, baina alde txikiagoarekin. Imamogluren garaipena Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearentzat porrot politiko garrantzitsua da.
Daily Sabah egunkariak bere webgunean jakitera eman duenez, Imamogluk garaipena lortu du, botoen % 54,03 eskuratuta. Binali Yildirim lehen ministro ohiak (Erdoganen AKP alderdiaren alkategaia) bozen % 45,09 erdietsi ditu.
"Gure tradizio demokratikoa babestu duzue. Herritarrak, eskerrik asko", adierazi du Imamogluk prentsaurrekoan, hauteskundeetako emaitzen berri izan ondoren.
Kanpainaren eta kontu-hartzaileen lana azpimarratu du oposizioko alkategaiak: "Demokraziaren heroiak". Emaitza ofizialak iragarri arte hautestontziak zaintzeari ez uzteko eskatu die Imamogluk, edozein irregulartasun saihesteko.
Erdogan presidentearekin lehenbailehen biltzeko asmoa agertu du Imamogluk. "Erdogan presidentea, estatuburua, hirekin harmonian lan egiteko prest nago, Istanbulek premiaz behar dituen gaietan, hala nola, lurrikarak, metroaren eraikuntza, errefuxiatuak eta gainerakoetan", zerrendatu du.
Bestalde, Yildirimek Imamoglu zoriontzeko agerraldia egin du: "Zorionak, arrakasta opa dizut. Istanbulgo jendearentzako lanean nire laguntza izango duzu", adierazi du.
Imamogluren garaipena ezusteko politikoa da, AKPren udal gobernu etengabeei amaiera emango dielako, 25 urte boterean eman ondoren. Imamoglu oposizioaren eta Turkiako sektore politiko laikoaren ahots nagusia bihurtu da.