Mundua -
GREZIAKO HAUTESKUNDEAK
Grezian hauteskundeak egingo dituzte bihar, Demokrazia Berria faborito dela
Kyriakos Mitsotakis Demokrazia Berria alderdiko buruak irabaziko ditu hauteskundeak, 'Ta Nea' egunkariak zabaldutako galdeketaren arabera.
AGENTZIAK|ERREDAKZIOA
Greziako Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira bihar, uztailak 7, eta hamar milioi herritar daude botoa ematera deituta. Alexis Tsipras buru duen Siryza alderdiaren Gobernuaren amaiera eta Kyriakos Mitsotakisen Demokrazia Berria alderdi kontserbadorearen itzulera ekar dezakete biharko bozek, inkesten arabera.
Kyriakos Mitsotakisek irabaziko ditu hauteskundeak, Ta Nea egunkariak zabaldutako galdeketaren arabera, eta Demokrazia Berriak bederatzi puntuko aldea aterako dio Tsiprasi, gehiengo osoa lortuz.
Tsiprasek hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen, bere alderdi politikoak Europako Parlamentuko hauteskundeak galdu eta gero. Ezkerreko alderdia 2015an iritsi zen boterera, herrialdea krisi ekonomiko oso larrian murgilduta zela.
Lehen ministro kargua hartu ondoren, Tsiprasek erreskate plan berri bat eskatu zuen eta krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri zorrotzak jarri zituen abian.
Irabazlearentzako 50 aulki gehiago
Grezian, oraindik, indarrean dagoen hauteskunde-sistema dela eta, hauteskundeak irabaziko dituen alderdiak 50 aulkiko hobaria lortuko du, 300 ordezkarik osatzen duten Legebiltzarrean.
2016an, Tsiprasen Gobernuak hobari hori desagerrarazteko lege-erreforma onartu zuen, baina hauteskunde hauetan ez da arau hori ezarriko.
Bi alderdiren ekonomia apustuak
Hauteskundeak irabaziko balitu, Demokrazia Berriak ondorengo zergak jaitsiko dituela hitz eman du: Sozietateen Gaineko Zerga % 28tik % 20ra, eta Irabazien Gaineko Zerga % 10etik % 5era. Horrez gain, BEZa eta Diru-Sarreren Gaineko Zerga murriztea ere ez du baztertzen.
Tsiprasen programak, aldiz, krisi ekonomikoak gehien kaltetu zituen pertsonei laguntzea du helburu.