Mundua -

Profila

Mitsotakis, enpresaburuen eta klase ertainaren defendatzailea

Demokrazia Berriaren buruzagiak zergak jaitsi eta gastu publikoa murriztuko duela agindu du. Horretarako, funtzionarioen kopurua apaldu eta arlo pribatuarekin lankidetza indartuko du.

Kyriakos Mitsotakis, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Kyriakos Mitsotakis, garaipena ospatzen.
Kyriakos Mitsotakis, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kyriakos Mitsotakis Greziako hauteskundeetako irabazleak enpresaburuen paradisua bilakatu nahi du herrialdea, "ezkerreko ideia zaharkituak" bazter utzita. Demokrazia Berriaren ildo modernoaren ordezkari, zergak jaitsi eta gastu publikoa murriztea izango du helburu.

Duela hiru urte eta erdi hautatu zuten Demokrazia Berriaren buruzagi, alderdi kontserbadoreak inoiz izandako gazteena. Uztailaren 7ko hauteskundeetan aise gailendu zaio Alexis Tsiprasen Syrizari.

Herrialdea "modernizatuko" duen presidentea izango dela eta enpresaburuak eta klase ertaina babestuko dituela hitzeman du. Horiek izan baita azken urteotako presio fiskal zorrotzaren kaltedun handienak.

Programan jasotako neurrien artean, zergak jaistea eta gastu publikoa murriztea daude. Azken hori sektore pribatuarekin lankidetza indartuta eta funtzionarioen kopurua jaitsita lortuko ei du.

Sindikatuekin eta sektoreko lan hitzarmenekin kritiko, lanaren malgutasuna eta tokian tokiko hitzarmenen aldekoa da.

Hezkuntza lan merkatuaren beharren arabera moldatu behar dela eta horretarako enpresen eta unibertsitate publikoen lankidetza indartu behar dela uste du. Unibertsitate pribatuak sortzearen aldekoa da.

Delinkuentziaren kontra gogor borrokatuko duela ere hitzeman du, eta hori helburu, Syrizaren gobernuak espetxe politikan egindako erreformak leheneratuko dituela azpimarratu du.

Politikarien familia bateko kidea

Politikarien dinastia baten oinordeko, Kyriakos Mitsotakis 1968an jaio zen. Konstantinos Mitsotakis aita lehen ministro izan zen 1990etik 1993ra. Dora Bakoyanni arreba nagusia Atenaseko alkatetza eskuratzen lehen emakumea izan zen. Kultura eta Atzerri ministro izandakoa ere bada Bakoyanni. Kostas Bakoyannis iloba hiriburuko alkate da orain.

American College of Athens eskola pribatuan hezia, AEBn amaitu zituen ikasketak: Harvarden Soziologian lizentziatu zen, eta unibertsitate horretan eta Stanforden gradu ondoko ikasketak egin zituen.

Bere ibilbide politikoa 2004an abiatu zuen, garaipenekin abiatu ere. Demokrazia Berriko hautagairik bozkatuena izan zen bere barrutian.

Andoni Samarasen Gobernuan (2013-2015) Administrazioaren Erreformaren ministro izan zen. Funtzionario kopurua masiboki murriztu zuen, eta Osasunean eta Hezkuntzan kaleratze ugari egin zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grezia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak