Mundua -
Sinaloako kartela
'El Chapo' Guzmani biziarteko kartzela ezarri diote droga trafikoagatik AEBetan
Narkotrafikoarekin eta antolatutako krimenarekin lotuta zortzi delitu leporatu dizkiote. Era berean, 30 urteko zigorra ezarri diote arma trafikoagatik eta beste 20 urte dirua zuritzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Joaquin El Chapo Guzman Sinaloako Kartelaren buruzagi ohiari betiko kartzela ezarri diote Ameriketako Estatu Batuetan, herrialdean droga kopuru handiak sartzeagatik.
Narkotrafikoarekin eta antolatutako krimenarekin lotuta zortzi delitu leporatu dizkiote, eta horregatik betiko kartzela ezarri diote. Era berean, 30 urteko zigorra ezarri diote arma trafikoagatik eta beste 20 urte dirua zuritzeagatik, Milenio Mexikoko egunkariak jakitera eman duenez.
Iragan otsailean errudun jo zuten jadanik, Sinaloako Kartela erakunde kriminala zuzentzeagatik, baita droga trafikoa, arma trafikoa eta dirua zuritzeagatik ere, besteak beste.
Brian Cogan New Yorkeko gorte federaleko epaileak azaldu duenez, erabakia oinarritzeko "froga mordoa" zituen. "Nire bizitzako ezaugarri kriminal beldurgarrienak ikusi ditut", aitortu du.
2017ko urtarrilean Ameriketako Estatu Batuetara estraditatu zuten, Mexikoko kartzeletatik bi aldiz ihes egin ondoren. Aurreneko ihesaldia 2001ean izan zen, eta bigarrena 2015ean. Urtebete geroago atxilotu zuten.
Ezohiko segurtasun neurriek El Chapo-ren aurkako epaiketa markatu dute. Epaimahaiko kideak bizkartzainarekin joan dira New Yorkeko auzitegira, eta nortasunak sekretupean mantendu dituzte.
Defentsa epaiketa baliogabetzen saiatu da, 'praxi kaskarra' argudiatuta. Epaia bertan behera utzi eta epaiketa berriz errepikatzera behartuko luke horrek. Zinpekoek El Chapo-ri buruzko prentsa artikuluak irakurri ahal izan dituztela argudiatu dute abokatuek, horrek haien iritzia baldintzatu dezakeelakoan. Epaileak eskakizuna atzera bota du.
Sinaloako Kartela droga banatzaile nagusia da oraindik Ameriketako Estatu Batuetan, Jalisco Nueva Generacion Kartela gertu duelarik, DEAren arabera.