Mundua -
Persiar golkoa
Irango Guardia Iraultzaileak petrolio-ontzi bat atxiki du kontrabandoa egotzita
Ontziak kontrabandoko milioi bat litro erregai zeramatzan, eta iragan igandean atzeman zuten Larak uhartearen hegoaldean, Ormuzko itsasarte estrategikoan.
Agentziak | Erredakzioa
"Atzerriko" petrolio-ontzi bat atxiki dutela iragarri du Irango Guardia Iraultzaileak. Persiar golkoan kontrabandoko operazioak egitea leporatu dio Teheranek petrolio-ontziari. Tentsioak gora egin du azken hilabeteetan zonaldean.
Ontziak kontrabandoko milioi bat litro erregai zeramatzan, eta iragan igandean atzeman zuten Larak uhartearen hegoaldean, Ormuzko itsasarte estrategikoan; izan ere, munduko petrolio gehiena bertatik igarotzen da.
Elitezko talde militarrak agiri batean azaldu duenez, Itsas Armadak ontziaren mugimenduak zelatatu eta erregaiarekin trafikatzen ari zela egiaztatu, eta, horren aurrean, atxikitzeko agindua eman zuen.
2 milioi erregai litro garraiatzeko gaitasuna du ontziak, eta 12 tripulatzaile ditu. Petrolio-ontziak nongo bandera duen eta marinelak nondarrak diren ez dute esan.
Irango txalupa txikiek petrolio-ontzira kontrabandoko erregaia eraman dute, eta ondoren urrunago zeuden beste itsasontzi batzuetara eramateko asmoa zuten.
Ontzi gehiago atxiki ez dutela adierazi du Guardia Iraultzaileak, nahiz eta komunikabide batzuek kontrakoa argitaratu. Eguneko 24 orduak Persiar golkoko urak zaintzen ari direla ohartarazi dute, Iranen interesak defendatzeko.
Panamako bandera duen Arabiar Emirerri Batuetako petrolio-ontzi bat desagertu zen larunbat gauean Ormuzko itsasartean. Hori dela eta, espekulazioak izan dira nagusi azken egunetan.
Iranek atxiki duela salatu zuten AEBko komunikabide batzuek, baina Abas Musavi Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak asteartean azaldu zuenez, ontzia erreskatatzera joan ziren, matxura baten abisua jaso ondoren.
Orain atxikitakoa petrolio-ontzi hori bera den ez du argitu Irango Guardia Iraultzaileak.