Mundua -
Persiar golkoa
Erresuma Batuko petrolio-ontzi bat atzematen saiatzea leporatu dio AEBek Irani
Teheranek berehala gezurtatu du. Gibraltarrek 'Grace 1' Irango petrolio-ontzia atzeman zuen duela ia astebete.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Departamentuko goi-kargudun batek asteazken honetan jakitera eman duenez, gutxienez Irango bost ontzi Erresuma Batuko petrolio-ontzi bat antzematen saiatu dira Persiar golkoan, baina ez dute lortu.
Irango Guardia Iraultzaileak, aldiz, Erresuma Batuko petrolio-ontzia atzemateko saiakera gezurtatu du, Fars albiste-agentziak jakinarazi duenez. "Azken 24 orduetan ez dugu atzerriko ontziekin topo egin", azaldu du agiri batean.
Gibraltarreko buruzagiek 'Grace 1' Irango petrolio-ontzia atzeman zuten duela ia astebete, petrolio gordina Siriako portu batera eramatea egotzita. Horrela, Europar Batasunak ezarritako zigorrak urratzea leporatu diote Irani. Gibraltarreko Poliziak Irango petrolio-ontziaren kapitaina atxilotu du ostegun honetan. Era berean, agiriak eta aparatu elektronikoak atzeman ditu.
AEBetako iturrien arabera, Erresuma Batuko gerra-ontzi batek irratiz abisua eman ondoren, etsi dute Irango ontziek. "HMS Montrose Erresuma Batuko Armadako ontzia Irango ontziengana armak apuntatu ditu, eta irratiz ohartarazi die. Orduan sakabanatu dira", ziurtatu du AEBko Administrazioak.
'Grace 1' Irango petrolio-ontzia. Argazkia: EFE
"Jazarpena eta Ormuzko itsasartea zeharkatzea oztopatzeko saiakera da, Persiar eta Omango golkoaren artean".
Ordu batzuk lehenago, Gibraltarren petrolio-ontziarekin gertatutakoagatik Erresuma Batuak "ondorioak" izango zituela ohartarazi du Hasan Rohani Irango presidenteak.
Ordu batzuk beranduago, Irango hiru ontzi bere petrolio-ontzietako bat blokeatzen saiatu direla esan du Erresuma Batuko Gobernuak.
"Ekintza honekin kezkaturik gaude, eta Irango agintariei eskualdean tentsioa murriztea eskatzen diegu", adierazi du Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkari batek ohar batean.